Egunsentian hasi da miaketa: 7:00ak aldera. Ertzaintzaren hainbat patruila bi gazteren etxeak miatzen hasi dira Lekeition (Bizkaia). Gedar langile kazetaren arabera, hiru orduz egon dira haien etxeak miatzen, eta, azkenean, 10:30ak aldera eraman dute atxilo bietako bat. Hedabideak zehaztu duenez, bigarrena ere atxilo eraman dute, ordutik ia ordubetera, 11:15ean.
Ertzaintzak ohar batean argitara atera duenez, 2020ko maiatzaren 13an Ean (Bizkaia) kutxazain automatiko bat erretzea egozten diete bi gazteei; poliziaren esanetan, delitu hori leporatuta eraman dituzte atxilo. Gose greban zen Patxi Ruiz euskal presoari babesa adierazteko mobilizazio bat izan zen egun hartan. Poliziak jakinarazi du atxilotuak datozen orduetan eramanen dituztela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5. epaitegira.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz etorri da polizia operazioa. Gedar-en esanetan, Poliziak 24 orduko baimena du etxebizitza horiek arakatzeko; hau da, bihar goizeko 7:00ak arte sar daitezke. Ordea, poliziak jadanik atera egin dira eraikinetatik, eguerdian.
Atxilotutako gazteei babesa erakusteko, elkarretaratzera deitu dute gaurko. Lekeitioko San Kristobal Enparantzan eginen dute, arratsaldeko 19:30etan.
[AZKEN ORDUKOA] Hiru ordu baino gehiagoz haren etxea miatu ostean, atxilo eraman dute bi pertsonetako bat. pic.twitter.com/fyVSWaVtyh
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) June 23, 2021