Katalunia

Espainia gogor kritikatzen duen txostena onartu du Europako Kontseiluak

Gehiengo zabal batez onartu dute Espainiari eskatzea politikari presoak askatzeko eta erbesteratuak jazartzeari uzteko.

Europako Kontseiluaren goi bilkura bat, Estrasburgoko egoitzan. PPCOE
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 21a
21:08
Entzun

Europako Kontseiluaren Asanbleak gehiengo handiz onartu du astelehenean Kataluniako independentziaren aldeko politikariak jazarri izanagatik Espainia gogor kritikatzen duen txostena. Horretan, politikari katalanak jazartzeari uzteko eskatzen dio Espainiari Europako Kontseiluak, eta espetxe onuren truke, presoei euren «iritzi politiko sakonei» uko egiteko eskatzeari utz diezaion.

Denera 70 ordezkarik bozkatu dute txostenaren alde, eta 28k aurka. Beste 12k abstentziora jo dute.

PSOEren eta PPren ordezkariak saiatu dira kentzen erreferendumak ez zigortzeko aipamena, eta erbesteratuak euroaginduen bitartez jazartzeari uzteko eskaera.

Espainiako eta Turkiako kasuak ikertu zituen Europako Kontseiluko Lege Auzietako eta Giza Eskubideetako Batzordeak, aztertzeko bi estatuek nola erabiltzen dituzten auzitegiak katalanen eta kurduen aurka. Urte eta erdiz aritu izan zen batzordea lan horretan, eta ondorioak aurkeztu zituen ekainaren 3an.

Txostenean, batzordeak esan dio Espainiari matxinada eta sedizio delituak erreformatzeko, «2005ean legez kanpoko erreferendumak antolatzea zigorgabetu zuen erabakia indarrean ez dagoela interpretatzerik egon ez dadin, eta indarkeriarik gabeko transgresioek proportziorik gabeko zigorrik jaso ez dezaten». Horrez gain, 2017ko autodeterminazio erreferenduma antolatzeagatik eta harekin loturiko manifestazioengatik zigorturiko presoak «indultatzea edo askatzea pentsa» dezala eskatu dio, uzteko erbestean dauden buruzagiak jazartzeari, baita erreferendumaren harira epaitzeko zain dauden goi kargudunak jazartzeari ere. Ildo horretan, ordezkarietako batzuk txalotu egin dute Pedro Sanchez Espainiako presidentea indultuak ematearen alde agertu izana.

Amaitzeko, Espainiako agintariei eskatu diete «politikari katalanei euren iritzi politiko sakonei uko egiteko eskatzeari uzteko, espetxe erregimen hobe baten truke, edo indultu baten aukerarengatik».

Europako Kontseilua 1949. urtean sortu zuten, eta Europako integrazioaren alde lan egiten duen erakunderik zaharrena da. Estrasburgon du egoitza, Europa Jauregian. Ez da Europako Batasuneko barruko erakundea, eta ez da nahastu behar Europar Kontseiluarekin. Azken hori bai, EBko erakunde nagusietako bat da.

Europako Kontseiluaren helburua kideen artean gero eta batasun handiagoa lortzea da, Europako printzipio eta idealak babestuz. Besteak beste, Europan giza eskubideak eta askatasunak zaintzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.