Euskara

Lehen hizkuntza eta harreman sarea, euskararen transmisiorako gakoak

Euskararen familia bidezko transmisioaz gogoetatzen ari dira Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan. Transmisio horren inguruko azterketa kuantitatibo eta kualitatibo bat aurkeztu dute.

Jon Aizpurua euskal filologoak UEUko ikastaro batean aurkeztu du eginiko azterketa, Donostiako Miramar Jauregian. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 21a
14:34
Entzun

Euskarak gurasoengandik seme-alabekiko jauzia egin dezan, hizkuntza gaitasuna bezain garrantzitsua da erabilera. Adibide bat: guraso euskaldun bakarra duten familietan, horrek euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzen badu, kasuen %88an transmisioa gauzatu egingo da; hau da, seme-alabek ere lehen hizkuntza gisa hartuko dute ia kasu guztietan. Euskaraz dakien guraso horrek lehen hizkuntza bezala erdara erabiltzen duenean, ordea, panorama bestelakoa da, seme-alaben artean euskararen transmisioa %49ra erortzen delako.

Euskararen familia bidezko transmisioaren inguruan Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko udako ikastaroaren barruan, transmisio hori nola gertatzen den ulertzeko gakoak izan zituzten hizpide atzo Donostiako Miramar Jauregian. Saio horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlan Saileko Jon Aizpurua zerbitzuburuak eta Agurtzane Ortiz teknikariak gaiaren inguruko azterketa kuantitatibo eta kualitatibo bat aurkeztu zuten.

Bilduriko datuekin, ondorioztatu dute euskararen transmisioan eragiten dute bi faktore nagusiak «euskara erabiltzeko erraztasuna» eta «harreman sarea edo gune soziolinguistikoa» direla. Lehena, lehen hizkuntzarekin «erabat lotuta» dagoela azaldu zuen Aizpuruak, eta, bigarrenari dagokionez, azpimarratu zuen familiak ez direla gune isolatuak, eta inguruneak «asko» eragiten diela.

Lehen hizkuntza

Azterketan erabili dituzten datuak Eustatek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azken urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko inkestetatik ateratakoak dira. Horien arabera, gurasoen hizkuntza gaitasuna da euskararen transmisioa baldintzatzen duen lehen eragileetako bat: bi guraso euskalduneko familietan euskararen transmisioa %90ekoa da, hain zuzen.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2 eta 15 urteko haurren laurdenak (%26,9) euskaldunak diren gurasoak ditu, eta beste laurden bat (%25,2) familia «mistoetan» bizi da. Ia erdiak (%46,9), aldiz, ez du guraso euskaldunik. Euskaraz jakiteak ez du, baina, hizkuntzaren transmisioa bermatzen, eta hor «modu naturalean edo kontzientean» etxean euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute ikertzaileek. «Gurasoak euskaldunak direnean, baina lehen hizkuntza euskara ez denean, alde esanguratsua dago seme-alaben lehen hizkuntzan», azaldu du Aizpuruak.

Halaber, euskaraz dakien guraso bakarreko familiei dagokienez, generoaren aldagaia ere aintzat hartu dute azterketan: euskalduna ama denean, transmisioa kasuen %52an gertatzen da, eta, aita denetan, berriz, kasuen %36an.

Ingurunearen garrantzia

Inguruneak ere eragin zuzena du euskararen familia bidezko transmisioan, eta hori kontuan izan dute ikertzaileek euren azterketan. Aizpuruaren arabera, «eremu euskaldunean egoteak lagundu egiten du, inguru erdaldun batean bizitzea transmisiorako oztopo den bitartean, ahalegin handiagoa eskatuz». Hala, azterketak hiru ingurune soziolinguistiko ezberdindu ditu datuak islatzeko: euskaldunak %35 baino gutxiago direna, euskaldunak %35 eta %65 bitarte direna, eta euskaldunak %65 baino gehiago direna.

Lehenengo gunean, soilik %5 dira euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzen duten bi guraso dituzten familiak. Bigarrenean, berriz, %38,9 dira, eta, hirugarrenean, azkenik, erdia baino gehiago (%56,1). Datu horiek duten «pisua» ulertarazteko, gune horietako bakoitzean bizi den jende kopurua zein den ere gogoratu du Ortizek: «Gune erdaldunenean biztanleriaren %46 bizi dira, bigarrenean %37, eta euskaldunenean %16 inguru».

Horiek horrela, hirugarren gunean euskararen transmisioa «ia erabatekoa» den bitartean, lehenengoan biztanleriaren %66ek euskara transmititzen ez dutela nabarmendu du teknikariak.

Transmisiorako arrazoiak

Euskara erabiltzeko erraztasuna eta ingurune soziolinguistiko euskalduna bermatuta daudenean, euskaren transmisioa «modu naturalean» gertatzen den modura, bi faktoreetako batek huts egiten duenean, gurasoek euskararen transmisioa modu «kontziente» batean egiten dutela nabarmendu dute azterketaren egileek.

Hala, seme-alabei euskaraz egiteko erabakia hartzera eramaten dituzten lau arrazoi identifikatu dituzte ikertzaileek: belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, Euskal Herrian bizi eta euskaldun sentitzea, gurasoek eurek euskara ikasteko egindako ahalegina eta euskara jakitearen balio instrumentala. Adituek, bestalde, ohartarazi dute, haurrei euskaraz egiteaz gain, transmisiorako garrantzitsua dela gurasoek ere haien artean euskaraz egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.