Ezkerreko abertzaleak bigarren itzuliko lehian izanen dira Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetatik zazpitan. Hendaiako (Lapurdi) kantonamenduan lortu dute emaitzarik deigarriena. Euskal Irratiekin elkarlanean lortutako lehen emaitzen arabera, EH Bai izan da lehen indarra, eta bozen %29,3 lortu ditu Annie Poveda eta Iker Elizalderen hautagaitzak. Beste sei kantonamendutan ere bigarren itzuliko lehian izanen da EH Bai: Donibane Lohizunen (Lapurdi), Bidaxune-Amikuze-Oztibarren (Nafarroa Beherea), Uztaritze-Errobi-Urdazurin, Errobi-Aturrin (Lapurdi), Baigura-Mondarrainen (Nafarroa Beherea) eta Mendialdean (Nafarroa Beherea-Zuberoa). «EH Baik lortutako emaitza hauek azken urteetako lanari esker dira, eta azken herriko bozetan abertzaleek lortutako emaitzarik onen segida. Urratsez urrats eta urtez urte, abertzaleek sustengatzen dituzten ideiek gero eta sustengu gehiago lortzen dute jendartean», adierazi dute agiri batean.
Duela sei urte, bost kantonamendutan igaro ziren abertzaleak bigarren itzulira. Hemen kontsultatu daitezke aurtengo eta 2015eko emaitza guztiak.
Abstentzioa izan da lehen itzuliko emaitzarik deigarrienetakoa. Parte hartze biziki apala izan da orokorrean; eta kantonamendu gehienetan %60tik gorako abstentzioa izan da. 2015eko bozetan baino hautesle gutxiago mobilizatu dira aurten.
Baionako hiru kantonamenduetan zentro-eskuina izan da nagusi lehen itzulian. Baiona 1 kantonamenduan bozen %51,36 lortu dituzte Claude Olive Errepublikanoetako kide eta Angeluko (Lapurdi) auzapezak eta Sylvie Meyzencek. Gibeletik izan dituzte Generationek eta EELVk babestutako Bernard Marti eta Elise Wilbios (%21,67). Abstentzioa %63,78koa izan da. Baiona 2-n Joseba Erremundegi eta Monia Evene-Mateo zentro-eskuineko hautagaiek irabazi dute lehen lekua, bozen %28,82 lortuta; bigarrenak alderdi sozialistako Christophe Martin eta Juliette Brocard izan dira (%23,34). Abstentzioa %69,02koa izan da. Baiona 3-n Christine Lauque eta Olivier Alleman nagusitu dira (%31,19), eta haien gibeletik heldu dira Florence Duphreuil eta Henri Etxeto alderdi sozialistako hautagaiak (%26,35). Hautesleen %65,4k ez dute parte hartu.
Zentro-eskuina nagusi
Donibane Lohizunen bozen %48,6 lortu dituzte Emmanuel Alzuri eta Patricia Arribas-Olano zentro-eskuineko hautagaiek, eta bigarren gelditu da EH Baiko bikotea: bozen %39,62 lortu dituzte Peio Etxeberri-Aintxart eta Leire Larrasak. Miarritzen, bozen %32,08 lortuta lehen lekua eskuratu dute Max Brisson eta Martine Valls Errepublikanoetako hautagaiek. Horien gibeletik heldu dira Mathieu Castaings eta Ana Ezkurra (%18,79) Generation eta EELVk babestutako hautagaiak.
Bidaxune-Amikuze-Oztibarren, Jean Jacques Lasserre Modem alderdiko hautagaia eta Pirinio Atlantikoetako gaur egungo presidentea gailendu da, bozen %51,9 eskuratuta. Xabi Larralde eta Emilie Dubois EH Baiko hautagaiak izan dira bigarren (%24,54). Mendialdean Pepela Mirande eta Annick Trounday Idiart zentro-eskuineko hautagaiek bozen %51,95 lortu dituzte, eta EH Baiko Anita Lopepe eta François Camusek, %36,92.
54 hautetsi ditu Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak; 27 kantonamenduetatik bina ordezkarik lortzen dute eserlekua. Gaur egun, zentro-eskuineko koalizioak du gehiengoa, eta Modem alderdiko Jean Jacques Lasserre da presidentea, 2015etik. Presidentetzarako hautagai gisa aurkeztu da aurten ere.