«Izan gaitezen babesleku». Aldarri horrekin deitu zituzten gaurko egunerako manifestazioak errefuxiatuen eskubideen aldeko hainbat elkartek, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta. Ehunka lagun elkartu dira eguerdian egin dituzten manifestazioetan, eta azpimarra egin dute migratzaileentzako bide «legezkoak eta seguruak» izateko beharrean, «migratzea ez baita delitua».
Manifestazioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin dituzte, eta Ongi Etorri Errefuxiatuakek, Amnesty Internationalek, CEAR Euskadik, Denon Elkarteak, Hiritarron Harrera Sareak, SOS Arrazakeriak eta Zaporeakek deitu dituzte. Azpimarra berezia egin dute Kanariar Uharteetan migratzaileek azken hilabeteetan jasan duten egoeran; haien arabera, iaz 1.850 lagun hil edo desagertu ziren han. Irungo mugan hildako bi migratzaileak ere gogoan izan dituzte.
📣🙌Gaur #Ekainak20 manifestazioa egingo dugu Bilbon "bide legal eta seguruak" eskatzeko. #ErrefuxiatuenNazioartekoEguna
— Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia (@oeebizkaia) June 20, 2021
📣🙌Hoy #diamundialdelrefugiado nos manifestamos en en Bilbao para pedir “Vías legales y seguras ya. #20J@CEAREuskadi@amnestyeuskadi@sosracismobizpic.twitter.com/W0cggvWMAf
Ez dira mobilizazioak deitu dituzten bakarrak izan. Besteak beste, gaur goizean, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburua Bilbon izan da, Siriako bost familiarekin batera egin duten ekitaldi batean.
Caritasekin, ACNURekin eta Ellacuria Fundazioarekin batera antolatu du Funikularreko Plazan egin duten egitasmoa Jaurlaritzak. Jaurlaritzaren Babes Komunitarioko Ekimenak Siriako bost familia horiei laguntzeko sare bat du une honetan Bilbon, Arrigorriagan, Portugaleten, Andoainen eta Gasteizen.Azaldu dutenez, programa hori «Kanadako ereduan oinarrituta dago, eta aitzindaria da Europan». Nagusiki, familien harreraz eta integrazioaz arduratuko den boluntarioen sare bat sortzean datza.
Ekitaldian, Artolazabalek herritarrei eskatu die aurreiritziak alboratzeko, «ohar gaitezen zein aberasgarria den beste kultura batzuetako lagunekin batera elkarbizitzea».