Foro Sozial Iraunkorrak Behatokiaren hirugarren zenbakia plazaratu du. Espetxeen egoeraren inguruan sei hilabetean behin argitaratzen duen txostena da Behatokia, eta oraingoan egiaztatu dute Espainiako Gobernuaren espetxe politikan «aldaketa» gauzatzen ari dela, batez ere lekualdaketei dagokienez. Hala ere, ohartarazi dute oraindik badaudela konpondu beharreko arazoak, eta badagoela «aldaketaren aurkako lobby indartsu bat», zenbait esparrutan, batez ere Espainiako Auzitegi nazionalean, eragiteko gaitasuna duena.
Txostenean hainbat datu agertzen dira, Foro Sozialak dioena egiaztatzeko. Gaur egun, motibazio politikoko 210 preso daude, gehien-gehienak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin bat egiten dutenak. Horietatik 57 Euskal Herriko espetxeetan daude; 128 Espainiakoetan, eta 25 Frantziakoetan. Euskal Herrian daudenak euskal preso guztien %31 dira, eta duela sei hilabete %13 ziren. 150 eta 400 kilometra arteko distantziara daudenak %61 dira, eta %41 ziren duela sei hilabete. 400 eta 600 kilometr0 arteko distantziara dauden presoen %7, eta urtarrilean %18 ziren. Azkenik, presoen %1 600 kilometro baino urrunago daude; duela sei hilabete %28 ziren.
Horrek esan nahi du zenbait kartzela euskal presoez hustu egin direla. Egun, ez dago euskal presorik Valentzian eta Galizian, hiru baino ez daude Andaluzian, eta bakar bat ere ez bakartze egoeran. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanotzako kide Aitor Aslak esan du balantze orokorra «positiboa», aldaketa «espero baino mantsoago» gauzatzen ari den arren.
Hala ere, eta lekualdatzeari dagokionez emaitza positiboa den arren, beste zenbait arlotan egoera ez da hain baikorra. Gradu progresioan edo baldintzapeko askatasunetarako «salbuespenezko legediek ezartzen dituzten zailtasunak, lege arruntak eskatzen duenetik harago doazenak»; beste estatuetan bete diren kondenen batuketa ez onartzea; eta 7/2003 legearen aplikazioa aipatu ditu Aslak horren adibidetzat.
Gradu aldaketari dagokionez, gaur egun sei preso baino ez daude lehen graduan, hots, bizi baldintzarik makurrenak ezartzen dituen gradua, duela sei hilabete 78 ziren. Bigarren graduan dauden preso gehienak, 157; urtarrilean ehun ziren. Hirugarren gradua lortzeko bidean egon da aldaketarik txikiena: urtarrilean 11 preso zeuden hirugarren graduan, eta orain 13 dira, hau da, bi gehiago.
«Kontuan hartzen badugu estatu espainiarrean dauden presoen artean 53 direla jada kondenaren 3/4ak bete dituztenak, eta, beraz, hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egoteko aukera izango luketela, pentsa dezakegu non egongo diren arazoak edo oztopoak hurrengo fasean», esan du Aslak.
Foro Sozialeko eledun Teresa Todak nabarmendu du preso ugari Euskal Herriratzeak edo hurbiltzeak senitartekoei ekarri dien «lasaitasuna», baina erantsi du dena ez dagoela «eginda», eta urrats batzuk «motz» geratzen direla. Gainera, azaldu du «espetxe zigorren ikuskera mendekatzailea» ezarri nahi duen lobbyak indarrean dirauela oraindik ere, eta, adibidez, Espainiako Auzitegi nazionalean «txertatuta» dagoela. Horregatik, berriro esan du Foro Sozialak askotan errepikatutakoa: birgizarteratze ibilbideek «bermeak» behar dituztela, prozesua amaieraraino eraman ahal izateko.