Etxebizitza

Gehiegizko alokairuak dituzten eremuetako prezioak izoztea adostu dute PSOEk eta Podemosek

Neurria Espainiako Gobernuko bi alderdiak negoziatzen ari diren Etxebizitza Lege berriaren barruan sartuko litzateke.

Etxebizitza bat alokairuan, Iruñeko Alde Zaharrean. IñIGO URIZ / FOKU
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 16a
17:10
Entzun

Espainiako Gobernuko bi alderdiak negoziatzen ari diren Etxebizitza Legeak «tentsio handiko eremuetan» alokairu kontratuen prezioak izozteko aukera eskainiko du. Hala, PSOEren eta Podemosen arteko akordioak Hego Euskal Herrian alokairuaren gehiegizko igoerei muga jartzeko bidea emango luke, baina legeak, printzipioz, ez luke prezioen jaitsiera ekarriko, alderdi moreak eskatzen duenaren aurka. Dena den, Podemoseko ordezkariak pozik agertu dira, sozialistek lehen aldiz alokairuaren prezioa erregulatzeko pausoa eman dutelako.

Neurriaren xehetasunak oraindik argitzear dauden arren, zer-nolako funtzionamendua izango duen aurreratu dute sustatzaileek. Eremu bat «tentsio handikoa» dela kontsideratzen bada, eremu horretan bizi diren maizterrek kontratua prezio izoztuarekin luzatzeko eskubidea izango dute. «Tentsio handiko» izendapen hori hiru urtez luzatuko litzateke, eta, epe horretan, alokatzaileak soilik KPI kontsumo prezioen indizearen araberako igoera ezarri ahalko lieke maizterrei. Halaber, eremu horietako etxebizitzetan sinaturiko kontratu berrietan, aurreko kontratuetako prezioa hartu beharko lukete erreferentzia gisa.

Eldiario.es hedabide digitalak aurreratu du tentsio handiko eremuen izendapena batez beste diru sarreren %30 baino gehiago alokairura bideratzen duten herriek jasoko dutela, eta izendapen bakoitza egiteko erabakia estatuak eta zonaren autonomia erkidegoak osaturiko batzorde batek hartuko duela.

Etxebizitza Lege berria abuzturako prest izan nahi du Espainiako Gobernuak, baina parlamentuaren onespena hainbat hilabetez luzatu daitekeela aurreikusten da, eztabaida sortu dezaketen zenbait arlo erregulatzen dituelako. PSOEk eta Podemosek negoziatzen jarraitzen duten neurrien artean, etxebizitza alternatibarik gabeko kaleratzeen debekua eta etxebizitza hutsen gaineko zerga baten sorrera daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.