Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua Frantziako konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen iragan hilabetean. Erabakia «zerbitzu publikoa eskaintzen duen egitura orori» aplikatzen zitzaiola zehaztu zuen orduan; hala, itunpeko eskoletan ere murgiltzea konstituzioaren kontrakotzat jo zuen. Bada, ebazpenaren komentarioa publikatu du Konstituzio Kontseiluak, eta, zehazten du «irakaskuntza publikoaren kasuan bakarrik» konstituzioaren kontrakoa dela murgiltzea. Ebazpenean erabilitako argumentu berak erabili ditu kontseiluak egindako komentarioan: «Frantziako Konstituzioaren 2.artikuluaren kontrakoa da murgiltze eredua, ikastetxeko komunikazio hizkuntza nagusia tokiko hizkuntza baita». Alta, publikatutako komentarioan ageri den esaldi batek erabakiaren muina aldatzen du: «Erabaki hori irakaskuntza publikoari baizik ez zaio aplikatzen».
Hala, komentariotik ondoriozta deiteke euskarazko murgiltze sistema konstituzionala dela Seaskaren baitan, eta sare pribatu katolikoan; baina, konstituzioaren kontrakoa dela sare publikoan. Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak nabarmendu du ebazpenak atxikitzen duela «balio juridikoa», eta haren komentarioak «balio moral» bat duela. Dena den, uste du Konstituzio Kontseiluak hein batean «gibelera egin» duela komentarioaren bidez.
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariarentzat, «berri on bat da», partez. «Komentario hori berant heldu da, baina Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren irakurketa iraultzen du osoki. [Frantziako] Gobernuak ulertua zuen itunpeko irakaskuntza pribatuan ere lanjerrean zela murgiltzea, eta beraz batzorde berezi bat izendatu zuen bermeak atzemateko. Gaur ikusi dugu erasoa eskola publikoko murgiltzearen kontrakoa dela», deitoratu du. Jorajuriak argi du: Iparraldean euskararen egoera hobetzeko, murgiltzea sare publikoan ere garatzea «beharrezkoa» da.
Maiatzeko erabakiak haserrea eragin zuen euskalgintzako eragileen artean, baita diputatu eta hautetsien artean ere. 10.000 jende bildu ziren ebazpenaren kontrako protestan, Baionan.