AHT

Bilbon eta Gasteizen AHTaren lur gaineko behin-behineko geltokiak eraikitzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Iñaki Arriola sailburuak duela egun gutxi iragarritakoa berretsi du gaur Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak lur gainean geltoki bat eraikitzeko aukera arbuiatu zuen atzo.

Abandoko tren geltokia. JT CURSES
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 15a
18:20
Entzun

Abiadura handiko trena (AHT) «ahal bezain azkar» funtzionatzen has dadin, Bilbon eta Gasteizen behin-behineko geltokiak eraikitzeko aukera aintzat hartzen ari da Eusko Jaurlaritza, berez aurreikusita dituen lurpeko geltokien eraikuntza amaitu arte itxaroteak trenaren iritsiera atzeratuko lukeelako. Bingen Zupiria bozeramaileak eman du Jaurlaritzaren asmoen berri, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak duela egun gutxi esandakoak berretsiz.

Hain zuzen, Arriolak iragarritakoari erantzunez, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak atzo adierazi zuen behin-behineko geltokiak eraikitzeko aukera «onartezina» dela, eta hiriarentzako aukera bakarra geltokiaren lurperatzea dela azpimarratu zuen. Zupiriak, ordea, jakinarazi du Jaurlaritzaren plana dela AHTa eraikitzeko lanak «lehenbailehen» amaitzea eta trenbidea Europako sareekin «ahal bezain laster» lotzea, eta Jaurlaritzan dauden bi alderdiak –EAJ eta PSE-EE– hori gauzatzeko aukerak aztertzen ari direla onartu du.

Dena den, bozeramaileak nabarmendu du hartuko duten erabakia «bateratua» izatea nahi dutela, eta behin-behineko irtenbideek ez luketela edonola ere lurperatzea «sine die aparkatuko». Ildo horretan, Jaurlaritzak Bilbon eta Gasteizen lurpeko geltokiak eraikitzeko duen konpromisoa «eztabaidaezina eta erabatekoa» dela esan du Zupiriak, proiektuak gobernu programaren parte direla azpimarratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.