Zumaiako Itzurun eta Santiago, Ibarrangeluko Laga eta Laida, Mundakako Laidatxu eta Ondartzape, Burgeluko Garaio Sur eta Lekeitioko Isuntza hondartzek hartuko dute parte hondartzan erretzearen aurkako kanpainan. Gaur hasi da hondartza sasoia Gipuzkoa eta Bizkaian; egitasmoan parte hartu duten hondartzetan, kerik gabeko ingurune baten alde egiten duten afixak jarriko dituzte, eta bozgorailuen bidez ere luzatuko da ez erretzeko gonbidapena. Gainera, egitasmoa hedatzeko ekintzak ere egingo dituztela iragarri dute.
Alde batetik, mendekotasuna gauza arrunt ez bihurtzea eta umeentzako ingurune osasuntsuagoa sortzea da helburua, eta, bestalde, zigarro mutxikinek sortzen duten kutsadura gutxitzea. Hala ere, hondartzan erretzen duenari ez diote zigorrik ezarriko; «konpromiso indibidual eta kolektiboaren bidez» ezarri nahi dute neurria.
Eusko Jaurlaritzak abiatutako «Kerik gabeko herriak» proiektuaren zati bat da egitasmoa, eta aurtengoa «esperientzia pilotu bat» izango dela azaldu dute. Horren bidez, datorren urtean Kerik Gabeko Hondartzen Sarea sortzea da jaurlaritzaren asmoa.