Lan gatazka

Ertzaintzak langile bat atxilotu du Petronorreko piketean, eta hainbat zauritu

Zuzendaritzako kide bat grebalariak zeuden atetik sartzen saiatu denean hasi dira liskarrak. Findegiak beste bi sarrera ditu, eta haiek libre zeuden.

Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 15a
12:52
Entzun

Ertzaintzak Petronorreko langile bat atxilotu du gaur goizean findegiko ateetako batean eginiko greba piketean. Laugarren greba eguna dute, eta, aurreko hiruretan ez bezala, tentsio handiko uneak egon dira. Ertzaintza oldartu egin zaie langileei, eta hainbat zauritu eta identifikatu ditu. Tentsio unerik handiena zuzendaritzako kide bat ate horretatik sartzen saiatu denean iritsi da. Langile batzordeko kideek azaldu dutenez, Muskizko (Bizkaia) findegiak beste bi sarrera ditu, eta istiluen ondoren zuzendaritzako kide hori beste sarreretako batetik sartu da.

«Pikete lasaia egiten ari ginen, grebaren lehen hiru egunetan egin dugun bezala, baina Ertzaintza gaur beste jarrera batekin etorri da», azaldu dio BERRIAri Iker Gonzalo CCOO sindikatuko delegatuak. Enpresak aldi baterako espedientea jarri du indarrean, langile batzordearekin adostu gabe, eta, hura salatzeko, bederatzi eguneko grebara deitu dute. Aurreko egunetan bezala, ate bakarrean egin dute protestaldia, beste bi sarrerak libre utziz, eta gutxieneko zerbitzuen ziurtagiria zuten langileei sartzen utzi diete.

Piketea 06:00etatik zegoen atean, eta liskarrak 07:30etan hasi dira, zuzendaritzako kidearen autoa iritsi eta sarrera hori aukeratu duenean. «Atzo ere lanera etorri zen, eta beste ate batetik sartu zen, baina gaur gurea hautatu du», azaldu du delegatuak. Tentsioa handitu egin da, eta Ertzaintza oldartu egin zaie grebalariei. Borra kolpe ugari egon dira, eta baita airera jaurtiriko foam bala bat ere. Zauri parte ugari daudela zaldu du Gonzalok: «Ertzainei azaldu diegu beste bi sarrerena, gehiago zeudela, eta zuzenean esan digute Petronorreko zuzendaritzako agindua zela, sarrera hura libratzea agindu dutela».

Langilearen atxiloketa ere gertutik ikusi du delegatuak, eta honela azaldu du: «Ez da batzordeko kidea, eta oso pertsona lasaia da. Lurrean zegoen kartel bat hartu, paper bola bat egin eta jaurti egin du. Paperezko bola bat! Eta orduan bere gainera joan dira, eta atxilotu egin dute». Ertzainek lehenbizi Muskizera eraman dute, eta gero Barakaldoko epaitegira eramango dutela uste dute batzordeko kideek. «Sendatu ere egin beharko dute: hark ere makilakada ugari jaso ditu».

Langile batzordeko kideak atsekabetuta zeuden, besteak beste aste osoko aldarrikapen egitaraua antolatu dutelako eta gaurkoak ilundu egingo duelako. Gaur hitzaldia zuten borrokan dauden beste enpresa batzuetako langileekin, ostiralean manifestazioa Bilbon, larunbatean Ezkerraldeako martxaren zortzigarren ekitaldia, eta hurrengo aste hasieran Tubacexeko erregulazioko epaiketetara gerturatzeko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.