Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2020ko urteko Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruko inkesta egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, nabarmendu duenez, herrialdeotako herritar langileen laurdenek baino gehiagok zailtasun handiak dituzte lana eta familiarekiko betebeharrak bateratzeko.
Emaitzen arabera, %27,7k zailtasun handiak dituzte seme-alaba adingabeak zaintzea eta lana uztartzeko. %28k gauza bera esan dute mendeko pertsonen zaintzaren inguruan.
Genero arrakala atzeman du horretan Eustatek. Izan ere, emaitzen arabera, gehiago dira zailtasun handia adierazten duten emakumezkoak, gizonezkoak baino. «Etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek batez beste egoera berean dauden gizonek baino 1,2 ordu gehiago ematen dituzte egunean haien zaintzan (4,6 eta 3,4 ordu, hurrenez hurren)».
Emakumeen %51,1ek egunero bost ordu edo gehiago ematen dituzte adingabeak zaintzen. Gizonei dagokienez, %27 baino ez dira, eta horietako %42,7k bi ordu edo gutxiago ematen dute lan horretan.
Ez da bakarrik umeen zaintza. Mendekoak zaintzen ere, emakumeek gizonezkoek baino 45 minutu gehiago ematen dituzte egunean, hau da, 2,3 ordu (gizonezkoek 1,6). Langileen %12k dauka ardura hori, aurreko urtean bezala, baina 55 urtetik gorakoentzat %22,7ra igotzen da proportzioa, haien gurasoek adinean aurrera egin ahala.
Etxeko lanen banaketa
Arrakala handia dago, oraindik ere, etxeko lanen banaketan. Gizonen %84,8k egunean bi ordu edo gutxiago pasatzen dituzte etxeko lanak egiten, baina emakumeen %29,9 hiru orduz edo gehiagoz aritzen dira horretan. Halere, Eustatek adierazi du aldaketa sumatzen ari dela: 2010eko datuekin parekatuta, «2020an desberdintasun hori murriztu egin da».
Emakumeen %15,1 ez daude «batere pozik» bikotekideak etxeko lanei eskaintzen dien denborarekin. Gizonezkoen %69,6, ordea, «oso pozik» daude. Antzeko proportzioan daude pozik gizonezkoak eta emakumezkoak eurek etxeko lanetan egiten duten denborarekin (%46,5 eta %45,2, hurrenez hurren).
Eszedentziak
Eszedentziak edo lanaldi murriztuak eskatzeak beldur handiagoa ematen die emakumezkoei (%30) gizonezkoei baino (%26).
Eustatek zabalduriko grafikoa.Eustat
Ordutegi malgua da familia eta lana hobeto bateratzeko tresnetako bat, eta hamar langiletik hiruk (% 32,6) erabiltzen dute, batez ere gizonezkoek (% 35,6). Edonola ere, 2019rekin parekatuta, 10,1 puntu jaitsi da ordutegi malgua dutenen ehunekoa.
Etxetik lan egin dutenen proportzioa 2019an halako bi da orain, baina, halere, %10,8koa da bakarrik.
Azken hamar urteotan asko txikitu da lanaldi zatitua dutenen proportzioa: %41,5 zebiltzan orduan goizez eta arratsaldez. Orain, %32,5. Lanaldi jarraituan dabiltzanak %55,7 dira dagoeneko, hau da, 2010ean baino 5,6 puntu gehiago.