Euskara

Azterketak euskaraz pasatzeko eskatu diote Seaskako irakasleek Blanquerri

Uztailaren 1ean manifestazioa eginen dute, 18:00etan, Donapaleun.

Seaskako bigarren mailako irakasleek prentsaurrekoa egin dute goizean, Kanbon. GUILLAUE FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko ekainaren 15a
11:44
Entzun

«Erabaki politiko bati egitasmo politiko batekin erantzuten diogu». Horrela mintzatu dira Seaskako bigarren mailako irakasleak, azterketak euskaraz egiteko aldarriaren harira. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari galdetu diote brebeteko zientzietako froga euskaraz zuzendua izatea, hala egiteko baliabide aski daudela segurtatuz. Izan ere, 2017ko erreformaren ondorioz, brebetari zientzietako froga gehitu zioten, eta frantses hutsean jasotzen dute azterketa kolegioko ikasleek. 2017an, lehen aldian, euskaraz erantzun zuten ikasleek, eta beren kopiak euskaraz zuzenduak izatea lortu zuten. Alta, 2018an eta 2019an, euskarazko zuzenketa ukatu zitzaien ikasleei, eta kopiak irakasle erdaldunek zuzendu zituzten. Iaz, pandemiarengatik kontrol jarraitua ezarri zuten plantan. Hala, aurten ekainaren 28an eta 29an izanen dute brebeta ikasleek, eta Azterketak Euskaraz kolektiboa osatu dute hainbat irakasle, guraso eta ikaslek azterketak euskaraz pasatzea galdetzeko. Ikasleek zientzietako froga euskaraz pasatuko dute berriz ere, baina, oraingoz, ez dakite zuzenduak izaten ahalko diren.

Aldarria bururaino eramateko gogoz, «desobedientziaren bidea» hartzeko prest agertu dira Seaskako bigarren mailako irakasleak. «Kexu gara, umiliatuak gara. Brebeta frantsesez idatzi behar izateak 20 urtez gibelera eramaten gaitu, eta Konstituzio Kontseiluaren erabakiak, 50 urtez», erran dute. Hala, irakasleek ezinbestekotzat jo dute borroka horretan «bustitzea». Horretarako, «brebetaren zuzenketak egiteari uko egiteko prest» daudela segurtatu dute. Urtero, Frantziako Hezkunde Nazionalak irakasleak deitzen ditu azterketak zuzentzera, baina, Seaskako irakasleek beren ikasleen azterketak euskaraz zuzenduak izanen direlako bermerik ez badute, betebeharrari uko egiteko prest agertu dira.

Baxoaren duda

Ildo beretik, baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aipatu dute irakasleek. Baxoaren erreformaz gero, «galdera marka handi baten parean» daudela salatu dute lizeoko irakasleek. Aurten, lehen aldiz, ahozko handia pasatu beharko dute terminaleko ikasleek, frantsesez. Bestalde, ez dakite oraino berezitasunezko ikasgaiak zein baldintzatan pasatuko dituzten datorren urtean: «Antizipatzeko aukerarik ez dugu», salatu dute. Are gehiago, euskarazko berezitasunezko azterketan, frantsesezko parte bat bermatu behar dute ikasleek. «Surrealista da», irakasleen arabera.

Hala, Blanquer akuilatu dute, eta mobilizatzen segitu beharra azpimarratu dute. Hasteko, bihar, 12:30an elkarretaratzea eginen dute Donibane Lohizunen (Lapurdi) Ikuskaritzak duen delegazio aitzinean. Ondotik, brebeta pasatu, eta uztailaren 1ean manifestazioa antolatu dute Donapaleun (Nafarroa Beherea), 18:00etan. «Txikitatik euskaraz ikasten duen ikasle orok azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea du», berretsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.