Uztailaren 12an zortzi euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2010ean euskal presoen eskubideen alde egiten zuten lana «ETAren manupekoa» zelakoan; orotara, 77 espetxe urte eskatzen dizkie fiskaltzak. Auzipetuen izenean Julen Zelarainek esan duenez, zenbait eragilerekin bilerak egin dituzte auziaren nondik norakoak azaltzeko, eta jaso duten iritzi orokorra izan da haien kontra abiarazitako auzibidea «iraganari» dagokiola eta «gainditutako egoera batera itzultzea» dela.
EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiekin batzartu dira, bai eta ELA, LAB eta UGT sindikatuekin eta EAEko Arartekoarekin ere. Laster biltzekoak dira CCOO sindikatuarekin eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko ordezkariekin ere. Zelarainek azaldu duenez, bilera horietan eragileek egiaztatu dute «oinarrizko eskubideen urraketa larriak» gertatu direla: tortura salaketak, CNI Espainiako zerbitzu sekretuek auzi honetan dituzten agiriak desklasifikatu nahi ez izana eta non bis in idem edo akusatu bat delitu beragatik ezin dela birritan epaitu dioen printzipioaren urraketa.
Baina, horrez gain, eta Zelarainen hitzetan, eragile gehienak bat etorri dira «epaiketa honek orain zeri erantzuten dion» galdetzean. «Eragile horietako inork ez zukeen imajinatuko Aieteko Konferentzian ziklo berri bat ireki eta hamar urtera oraindik ere hitz egiten jarraituko genuela eta horrelako epaiketa bati heldu beharko geniola», azaldu du.
Auzipetuek uste dute sektore batzuk «erosoago» daudela «iraganeko agertokietan», eta ahalegin guztiak egiten ari direla gaur egungo egoera politikoa «desitxuratzeko». Horregatik, dei egin diete Euskal Herriko eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzional guztiei beren desadostasuna ager dezaten epaiketa honen eta «jada gaindituta dauden egoerak berriro sortzeko» ahaleginen aurrean.
Uztailaren 10ean manifestazioak egingo dituzte Donostian eta Bilbon, Saguesetik eta Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, hurrenez hurren, 13/13 epaiketari ez. Irtenbidera lelopean. Mobilizazio biak 12:00etan hasiko dira.