Goizean goiz abiatu da Herrika Ozazetik (Zuberoa), Ortzaizerainoko (Nafarroa Beherea) bideari ekiteko. Aurten, bigarren urtez jarraian, atzeratu egin behar izan dute Euskal Herria lasterka gurutzatzen duen Korrika, eta haren hutsuneari erantzuteko antolatu dute bi lurraldeetako gazte euskaltzale batzuek.
#herrika abiatu berri da Ozazetik, Ortzaizera. Aska dezagun Hitza@berriapic.twitter.com/JlrMyTSvIK
— Jovani Panzani (@panzani_jovani) June 13, 2021
Bidean, besteak beste, Donibane Garazitik igaro da Herrika. Herriz herri korrika dabiltza elkarri lekukoa emanez, eta, bukaeran, ekitaldi kulturala egin dute, Ortzaizen. Xiberoko dantzari talde batek eskaini du dantzaldi bat, bertsoak abestu dituzte Maddi Sarasuak eta Elixabet Etxandik eta musika emanaldiak ere izan dira. Egitasmoaren bidez lortutako irabazi guziak AEKri emanen dizkiote.
Amaieran idatzi bat irakurri dute antolatzaileek. Besteak beste, azpimarratu dute sekula ez dela erraza izan euskara defendatzeko borroka, eta eskerrak eman dizkiete horretan jardun duten aurreko belaunaldiei. Euskararen alde lanean jarraitzeko eskatu dute, eta mezua bereziki zuzendu diete gatzeei; haiek dira egitasmoa antolatu dutenak ere.
Herrika Donibane Garazin! Ederra! Aupa gazteria! Gora Eukara! @Irulegiko#herrikapic.twitter.com/7elSL4sUHN
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) June 13, 2021
Korrikaren ordezkoa
Aurtengo udaberrian egitekoa zuten 22. Korrika, baina, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoeraren ondorioz, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Horren ordez, Euskal Herriko plazetan ekitaldiak egin zituen AEK-k martxoaren 28an.
Aurrez, antolatzaileek azaldu zioten BERRIAri zer dela eta sortu zen egitasmoa: «Ikastoletako ikasleak gara gehienak; denak ez gara euskaldunak, baina denek badugu euskararekiko atxikimendu hori, eta txikitatik ohitura hori badugu Korrikan parte hartzekoa. Sinbolikoki biziki polita da herriz herri euskararen alde lasterka aritzea». Osasun neurriak leundu arte itxaron dute Herrika egiteko.