Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarri du, gaur, PSNko idazkari nagusiaren karguan segitzeko aurkeztuko dela. Alderdiak lurralde batzordea egin du Iruñean, eta Txibitek nabarmendu du alderdiak azkeneko urteetan «lortutakoa» balioetsi behar dela. Oroitu du, bide batez, kargurako aurkeztu zenean, 2014ko abenduan, PSN ez zegoela bere «garairik onenean».
Esan du orduan aurkeztu zela alderdiak bultzada bat behar zuelako ilusioa berreskuratze aldera. Nabarmendu du orduan baino ilusio eta «gogo handiagoa» duela egun. Eta atzera begiratu eta egindako «bideari» erreparatuta, 2019ko abuztutik Nafarroako Gobernuko burua denak uste du motibazioa «are handiagoa» dela.
Zuzentzen duen gobernuaz ere mintzatu da Baluarten egindako batzarrean, eta adierazi du «bide onetik» doala, eta Nafarroaren onerako izango direla legegintzaldiko azkeneko bi urteak, «UPN gorabehera».