Enpresak

Aernnovaz gain, beste euskal enpresa bat dago ITP erosteko lehian

Arantxa Tapiak baieztatu egin du Jaurlaritza prest dagoela akzio batzuk erosteko, enpresaren errotzea bermatzeko.

ITP Aeroren egoitza nagusia, Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 11
16:10
Entzun

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak baieztatu egin du Aernnova enpresa arabarrak parte hartuko duela ITP Aero Zamudioko enpresa bizkaitarra erosteko enkantean. Enpresa talde baten barnean egingo du, eta gutxienez bi inbertsio funts izango ditu bazkide hor: KKR eta Towerbrook (Aernnovaren akzioduna). Baina, sailburuaren arabera, ziurrenik ez da euskal enpresa bakarra izango: «Badakigu beste eskaintza batean ere badagoela Euskal Herriko beste parte hartze bat, baina ez dakigu guzti-guztia».

Tapiak gogorarazi du tartean Euskal Herriko enpresa bat balego zabalik dagoela Jaurlaritzak erosleen taldean parte hartzeko aukera. Parte hartze txikia izango litzateke gobernuarena, eta enpresaren errotzea bermatzea izango luke helburu, hau da, egoitza ez ezik, ekoizpen zentro handiak Euskal Herrian geratzea. «Ia-ia ezinezkoa izango da euskal kapitala %100 izatea, eta oso konplikatua izango da gehiengoa izatea, baina posible da parte hartzea nahikoa izatea bazkideen itun baten bidez ekintza horiek bermatzeko», ziurtatu du Tapiak.

Langileen kezka

Bada, ordea, Aernnovaren aukera kezkaz ikusi duenik ere: ITPko langileak, esaterako. Zamudioko lantegiko enpresa batzordeko buruak, Iratxe Aurrek, nabarmendu du Aernnova «ia-ia ITP baino okerrago» dagoela, eta beldur da horrek enpleguan ondorioak izango ote dituen. Gainera, Aernnovako akziodun nagusien artean inbertsio funtsak egotea ere kezkagarritzat jo du.

Jaurlaritzaren balizko esku hartzea ongi hartu du LABek, «betiere estrategia antolatu batean, eta ez orain arte bezala». Hala ere, sindikatuak uste du gobernuak baldintza bat jarri behar duela bere ekarpenaren truke: «Bi enpresetako lanpostuak babestea». Bestela, «Jaurlaritzak, bere ekimenez, kaleratzeak eta deslokalizazioak egiten dituzten enpresak sarituko lituzke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.