MENDARO
Iñaki Arregi (EAJ). Pandemiak eragindako ezjakintasuna eta bat-bateko erabakiak hartu beharra egin zaizkio zailenak. Esan du proiektu ugari dituztela hurrengo bi urteetarako.
Alkate izan aurretik, aurreko agintaldian zinegotzi izan zen Iñaki Arregi Mendaroko Udalean, EAJrekin: “Udalaren martxa ezagutzen nuen, baina, logikoki, ez da gauza bera oposizioko zinegotzi bat izatea eta alkate izatea. Hasieran, denbora behar da: udalari martxa hartu, proiektuak abian jarri…”.
Azaldu du gobernu aldaketa egindakoan lehenik eta behin Herri Plana osatu zutela, ildo eta proiektu estrategikoekin. “Baina, pandemia garaian, arreta herritarren ongizatea bermatzera bideratu dugu ia %100ean”. Egoera hobetzen hasi denez, orain pixkanaka hasierako helburu haiek mahai gainean jartzen ari direla kontatu du: “Orainari erantzuten ari gara, baina etorkizuna eraikiz. Proiektu askok eta askok ikusiko dute argia datozen hilabeteetan”.
2019ko udal hauteskundeetan bosna zinegotzi lortu zituzten EH Bilduk eta EAJk —boto gehiago aurrenak—, eta PSE-EEko zinegotziak emandako babesari esker eskuratu zuen alkatetza Arregik —aurrez EH Bildu zegoen gobernuan—. “Gaur egun, oso eroso nago: talde ona dut; teknikari bikainak daude, eta denon artean Mendaro hobe bat eraikitzen ari gara”. Nahiz eta aitortu duen azken urtea ez dela batere samurra izan, nabarmendu du agintaldiari begira jarrita “oso balorazio positiboa” egiten duela: “Proposatu genituen proiektu guztiak abian ditugu; herritarrei emandako hitza betetzen ari gara”.
Horri lotuta, hurrengo bi urteetarako buruan dituzten asmoetako batzuk aipatu ditu: ospitalerako igogailua jartzea eta zubi berria egitea, zubi zaharra eraberritzea, etxebizitzak sustatzea, nekazaritza eremuetara zuntz optikoa zabaltzea, futbol zelaiko eta kiroldegiko lanak egitea, industria guneetan hobekuntzak eginez enplegua sustatzea, eta abar. “Mendaroren etorkizuna zimendatu nahi dugu: bizi kalitatea bermatu eta herriaren garapen globala sustatu”.
Bi urteotan buruko minik handienak zerk eragin dizkion galdetuta, “COVID-19aren pandemiak eragindako ezjakintasunak, bat-bateko erabakiak hartu behar izateak, eta, bereziki, mendaroarren ongizateak”, erantzun du.
ORIO
Anuska Esnal (EH Bildu). Aurreko lanean gizarte zerbitzuetako larrialdiak koordinatzen zituen, eta, hein batean, hala egokitu zaio udalean ere. Alkatetza “naturaltasunez” daramala dio.
Orion, 2011-2015eko agintaldian ere egon zen EH Bildu alkatetzan, Orain plataformak emandako babesari esker, baina 2019ko hauteskundeetan lortu zuen lehen aldiz botoetan ere EAJri aurrea hartzea. “Sorpresa” izan zela kontatu du Anuska Esnal alkateak, oposizioan irudikatzen baitzuen bere burua.
Aurrez, Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzuko koordinatzailea zen. “Herriko gizarte zerbitzuei buelta bat eman nahi nielako egin nuen salto udalgintzara”. Eta, gertaerak medio, alkatetzara iritsita ere, larrialdi egoera bat kudeatzea izan da haren zeregin nagusietako bat. “Naturaltasunez daramat alkatetza; udalgintzaren beste parte bat bezala ikusten dut. Ni bezalaxe, beste herritar asko ari dira lanean”.
Behin alkatetza lortuta, hurrengo urteetarako proiektu estrategikoak definitzen hasi ziren aurrena: “2019ko irailean ordenantza fiskalak onartu genituen, aho batez; azaroan aurrekontu izugarri onak prestatu genituen, aitzindariak; proiektuz beteta geunden…”. Baina, bat-batean, karguan urtebete egin baino lehen, pandemia iritsi zen. “Eta erakutsi zigun aurrekontuak benetan zirela onak; lau alderdiok argi ikusi genuen zein norabide hartu behar genuen”. Sei zinegotzi ditu EH Bilduk Orion; bost EAJk, eta bana PSE-EEk eta Orain Orioko Aukera plataformak. Esnalek nabarmendu du “sintonia ona”dutela, eta aldi bakan batzuetan bakarrik ez dituztela erabakiak aho batez hartu. “Uste dut udal gobernu honen ezaugarrietako bat dela gauzak nola egiten ditugun: informazioa mahai gainean jarrita, alderdi guztiekin partekatuz… Erakutsi nahi dugu herria behetik gora egiten dela”.
Esan du ez direla makroproiektuak egitera etorri; horren ordez, gizarte zerbitzuei, hezkuntzari, kulturari eta abarri lehentasuna emango dien herri bat nahi dutela. Uste du “pausoz pauso” ari direla lortzen, eta pandemiak bigarren mailan utzitako proiektuei heltzen ere hasi direla. Agintaldirako helburu pertsonalen bat baduen galdetuta, erantzun du “atzera begiratzean” bere buruarekin “lasai” egon nahi duela; “nire printzipioei jarraituz, sinesten dudana egin dudala jakin”.
ANDOAIN
Maider Lainez (PSE-EE ). Esan du alkatetzara iristea “martxan dagoen tren batera igotzea” izan dela. Herritarrekin sortzen den “harreman estua” da alkate kargutik gehien gustatzen zaiona.
Bi hitz erabili ditu Maider Lainez Andoaingo alkateak orain arteko bi urteak laburbiltzeko: “Gogorrak eta biziak”. Gogorrak, pandemiak osasun eta ekonomia arloetan eragindakoagatik, eta biziak, egin duten lanagatik. “Geldirik egon beharrean, handitu egin ditugu herritarren ongizatea hobetzera bideratutako ahaleginak”, dio PSE-EEko kideak.
Alkatetzara iristeak “martxan dagoen tren batera igotzea” dakarrela uste du, eta, behin igota, ahalik eta gauza gehien egiten ahalegindu direla: “Programa aurkeztu, eta lehen aurrekontuak onartu genituen”. Osasun egoerak hankaz gora jarri zituen buruan zituzten asmoetako batzuk, eta esan du beste arlo batzuetan jarri behar izan zutela indarra: autonomo, merkatari eta ostalarientzako laguntzetan, adinekoentzako eta bakarrik daudenentzako zerbitzuetan, eta abar.
2021a, ordea, susperraldiaren urtea izatea nahi du, eta azaldu du hasita daudela hirigintzako zenbait proiektu lantzen: esku artean dutela kiroldegia handitzeko proiektua, eguneko zentro bat ere egin nahi dutela lehen graduko mendekotasunak dituztenentzat, eta abar.
Lainezen esanetan, jendearekin sortzen den “harreman estua” da alkate lanetik gehien gustatzen zaiona. “Oposizioan ere saiatzen nintzen jendeari gure gertutasuna erakusten, baina, alkate izanda, aukera gehiago dut jendeari entzuteko eta ahal dugun heinean jendearen proposamen horiek martxan jartzeko”.
Hauteskundeak EH Bilduk irabazi zituen Andoainen —zazpi hautetsi ditu EH Bilduk; bost PSE-EEk; lau EAJk, eta bat Elkarrekin Podemosek—. EAJk emandako botoei esker jarri zen alkate Lainez. Esan du “hasiera-hasieratik oso harrera ona”izan duela. “Denetariko jendea gerturatu zait, ez sozialistak bakarrik, eta asko eskertzen dut hori”. Haren ustez, Andoain “herri plurala” da, eta horrek ezberdinen arteko akordioak eta elkar ulertzeko saiakerak egitea eskatzen du: “Eta uste dut hori dela egin duguna”.
Hurrengo bi urteei begira, jendeak udala “gertu” dagoela sentitzea nahiko luke, eta bizitako pandemiaren ondorioz inor atzean ez geratzea ere bai.
GABIRIA
Oier Oiarbide (hautesle elkartea). Alkatearengana jotzeko ohitura handiagoa dago herri txikietan, baina Oiarbideri ez zaio astuna egiten. Pandemiari buruzko berrien falta sumatu dute.
Lehen aldiz ari da alkate lanetan Oier Oiarbide, eta lehen aldiz ari dira zinegotzi lanetan harekin batera udal gobernua osatzen duten sei lagunak. Gabiriako Hautesle Elkartea plataforman aurkeztu ziren. “Herriarekiko betebehar sentsazio hori badago hemen: herriak asko ematen digu, eta guk ere zor diogu herriari. Noizbait denok pasatu beharreko zerbait bezala ikusten dugu udaleko lana, eta horrelaxe sartu ginen”, esan du. PSE-EE zen beste aukera, baina ez zuen zinegotzirik lortu; EAJk eta EH Bilduk ez zuten hautagaitzarik aurkeztu. “Badira urte batzuk siglak aparte uztea erabaki zela. Gasteiztik eta Donostiatik baino hobeto ikusten da bertatik bertara zer behar dauden”.
Hirigintzako batzordea, euskara eta kulturako batzordea, ongizatekoa eta abar dituzte herrian. “Batzorde irekiak dira: herritarrak etortzen dira, eta haiek esaten dute hilero edo hamabostean behin zer behar dauden, eta horrek asko errazten digu lana”. Herri txikietan gertuagokoak izaten dira harremanak, baina, alkate izanda ere, Oiarbidek dio ez zaiola nekagarria egiten ari: “Edozein momentutan etortzen zaizu jendea, baina abantailatzat hartzen dut naturaltasun hori”. Baita herritarren gustukoak ez diren erabakiak hartu behar direnean ere: “Azken batean, erabakiak ez dira nireak: batzordeetan hartzen dira, legeari begiratzen zaio, eta abar”.
Esan du bi urteotan ahalik eta gauza gehien egiten saiatu direla. “Txarrena izan da zuzen ari ote ginen ziurtasunik ez izatea”. Izan ere, Oiarbideren esanetan, komunikabideetatik enteratu behar izan dute gauza askotaz: “Oso tantaka iristen zaigu informazioa aldunditik eta Jaurlaritzatik”.
Gazteak herrian bertan geratzeko helburuz, etxebizitza arloan dute agintaldiko erronka nagusietako bat. Lursail batzuk erosi dituzte, eta proiektu bat ere prest dute. Aste honetan izan dute bilera interesa izan dezaketenekin. “Azkena egin diren etxeak luxuzko txalet handiak izan dira. Txikiagoak egin nahi ditugu guk, prezio erakargarrian, eta herritarrei lehentasuna eman nahi diegu”. Agintaldia amaitzerako, jendea bizitzen ez bada ere, etxe horiek martxan ikustea nahi luke alkateak.