AGINTALDIAK PANDEMIAN

Bide erdia, pandemia batek jota

Udalak 2019ko ekainaren 15ean osatu ziren; legegintzaldiaren erdia joan da. Krisiak baldintzatu du azken urtea, baina, birusak ezarritako mugen gainetik, alkateek aurrera egin dute. Kargu horretan estreinakoz ari dira Faltzes, Zangoza eta Tafallakoak; bigarren aldia du Zizur Nagusikoak.

edurne elizondo
2021eko ekainaren 11
16:08
Entzun

ZANGOZA

Lucia Etxegoien Ojer (APS). Zinegotzi izan zen lehendabizi; Zangozako Mankomunitateko presidente gero; eta, orain, berriz, alkate. Pandemiaren hasierako “bakardadea” oroitu du.

Zangozako alkate Lucia Etxegoien Ojer.

“Herritarren segurtasuna da nire ardura nagusia”

Gorabehera handiko urteak izan dira lehendabiziko biak”. Horixe nabarmandu du Zangozako alkate Lucia Etxegoien Ojerrek (Zangoza, 1978), legegintzaldiaren erdia joan denean. 2019ko ekainean hartu zuen kargua (Zangozako Talde Progresista), aurreko lau urteetan zinegotzi aritu eta gero. “Koronabirusaren pandemiak dena baldintzatu du”, onartu du, argi eta garbi, orain arte egindako bideari buruz.

COVID-19aren osasun krisiaren jokalekuan, bere “ardura nagusia herritarren segurtasuna” izan dela erran du alkateak. Kezka hori, halere, ez du oraingoa, Esako urtegia handitzeko lanek ere eragin nabarmena izan baitute, azken hamarkadetan, Zangozako herritarren egunerokoan, eta gertatu diren lur mugimenduek bizilagunen segurtasuna “ezbaian” jarri dute.

2015ean zinegotzi izendatu zutenean, Zangozako Mankomunitateko presidente ere aritu zen Etxegoien Ojer. “Beti naiz lehena parte hartzeko eskua altxatzen”. Grina horrek eraman zuen alkategai izateko aukerari baiezkoa ematera. Bide horrek muga non duen badaki Zangozako alkateak. “Legegintzaldiaren amaieran kargua uztea da nire asmoa; lan gogorra delako, batetik; eta jende berriari bidea eman behar zaiolako, bertzetik”.

Lanean segitzeko bi urte ditu Etxegoien Ojerrek, oraindik ere. Pandemia hasi zenean sentitu zuen “bakardadea” bazter utzi du jada, eta nabarmendu du, krisiaren gainetik, udala gai izan dela zenbait proiektu garatzeko: herria husteko plana zehaztu, komun publikoak jarri, hainbat ordenantza berritu, zahar etxeko zuzendaria izendatu… “Parte hartzeari eta komunikazioari ere garrantzia eman diegu”, erantsi du alkateak.

Bi urteotan anitz ikasi duela erran du Etxegoien Ojerrek. “Badakit dena ez dugula ongi egin; hutsak ere badirela. Baina horiek ere ematen dute ikasteko aukera. Helburuak beti behar du izan herriaren alde aritzea”. Ez da damutu Angel Navallas aurreko alkateak egindako proposamenari baiezkoa eman izanaz. Baina onartu du gogorra dela lana. Atzean duen talde osoaren babesa eskertu du. Datozen bi urteak ditu buruan.

FALTZES

Sara Fernandez Allo (PSN). Zuhurtasunez mintzo da Faltzesko alkatea, baina herria “berriz pizten” ari dela uste du Fernandez Allok. Oraingo legegintzaldia lehen esperientzia du politikan.

Faltzesko alkate Sara Fernandez. Iñigo Uriz /Foku

“Zaila izan da krisia, baina ikasteko ere balio izan du”

Zaila izan da. Gogoan dut hasierako estutasuna. Udaletxeko ateak itxi behar izan genituen, zer gertatuko zen jakin gabe. Halere, pandemiak ikasteko ere balio izan du, herriaren aldeko erabakiak hartzen”. Horixe nabarmen du Faltsezko PSNko alkate Sara Fernandez Allok (Faltzes, 1988) duela urtebeteko egoerari buruz. Aurrenekoz ari da politikagintzan, eta lanarekin eta amatasunarekin uztartu ditu udaleko eginbeharrak.

 

“PSNren proiektuarekin bat egiten nuelako erabaki nuen hautagai izateko proposamenari baiezkoa ematea”, azaldu du. Lehen emakumea da Faltzesko alkatetzan. “Bazen garaia”. Taldeko bertze kideen babesa eskertu du, bai eta udaletxeko langileena eta bertze taldeena ere. nabarmendu du “elkarrekin” egin dietela aurre legegintzaldiko lehen erdiko urteei. “Gogorra izan da, udalaren martxa ikasi orduko egin zuelako eztanda osasun krisiak”. Lehendabiziko olatuan hogeitik gora herritar hil zirela gogoratu du. “Gehiago zendu ziren gero, zoritxarrez. Gogorra izan zen militarrak zahar etxea desinfektatzen ikustea”, azaldu du Faltzesko alkateak.

“Zuhurtasunez” jokatzeko beharra nabarmendu du Fernandez Allok, baina garbi erran du herriko giroa jada ez dela pandemiaren hasierako bera. “Herria berriz pizten ari da”. Kulturaren arloko ekinaldiak itzuliko dira Faltzesera datozen egunotan, adibidez, eta ontzat jo du alkateak. Pandemia izanagatik ere, udala ez dela geldirik egon erantsi du Fernandez Allok, gainera, eta erdigunean jarri ditu gauzatu dituzten proiektu nagusiak: “Herri lurretako laurogei hektarea ureztatzeko lur bilakatu ditugu; gizarte zentroaren ondoan kontzertuak eta bertze egiteko azpiegitura bat eraiki dugu, eta 0-3 zikloa laguntzeko bideak garatzen ari gara”, erran du alkateak. Haur eskola pribatua da, baina diru laguntzen bidez familia guztiek erabili ahal izatea bermatu nahi du udalak. Lana ez dela erraza berretsi du Fernandez Allok. “Herritar orok egin beharko luke denbora bat udalean hemengo martxaz jabetzeko”. Kargua hartzeaz ez da damutu, halere.

TAFALLA

Jesus Arrizubieta Astiz (EH Bildu). Legegintzaldiko lehenengo bi urteak lan handikoak izan dira Tafallako Udalean: uholdeen ondorioz, 2019an; eta pandemiagatik, berriz, azken urtean.

Tafallako alkate Jesus Arrizubieta Astiz.

“Ziurgabetasunak zorrotzago bilakatu gaitu”

Gorabehera handikoak izan dira urteok; 2019ko uztaileko uholdeek sekulako hondamendia eragin zuten herrian, eta iazko abendura arte egon gara izandako kalteen ingurukoak kudeatzen”. Tafallako EH Bilduko alkate Jesus Arrizubieta Astizenak (Donostia, 1958) dira hitzak. Kargua hartu eta handik 24 egunera gertatu ziren herriko duela bi urteko uholdeak, hain zuzen. Atseden hartzeko unerik ez du izan, iazko martxoan zaila zen egoera are zailago bilakatu baitzuen osasun krisiak. “Ziurgabetasunak hartu gintuen”.

Hilabetez egon behar izan zuen Arrizubieta Astizek udaletxetik kanpo, COVID-19ak jo baitzuen. Bi egunez egon zen ospitalean. Egoera zail horretan, halere, onak bilatzen ahalegindu da alkatea: “Ziurgarbetasunak zorrotzago bilakatu gaitu”, erran du. Ondorioz, 2020a milioi bat euroren superabitarekin amaitu zuen Tafallako Udalak, agintariak nabarmendu duenez. “Gainera, egin nahi genituen inbertsio gehienak gauzatu ahal izan genituen”, erantsi du Arrizubieta Astizek.

Arlo pribatutik iritsi zen Tafallako alkatetzara. Erretiro aurreratua hartu eta gero, garbi zuen “zerbait” egin behar zuela, “gizartearentzat baliagarri” izaten segitu nahi zuelako. “EH Bilduk hautagai izatea proposatu zidanean, garbi erran nien nire soslaia ez zela politikoa”.

Fagor-Ederlan etxean aritu da 42 urtez, eta azken hamarrak kooperatibako presidente izan da. Administrazioan aurkitu duen malgutasunik ezak harritu du gehien. “Hiru hilabete behar dira norbait kontratatzeko; dena doa mantso”.

Mantso, baina gelditu gabe. Azken bi urteotan egindakoak eta garatu nahi dituenak nabarmendu ditu alkateak: “Kulturguneko sarrera hobetu nahi dugu; Errekoleten eraikina berritu, eskualdeko zerbitzuak hartzeko; eta energiaren esparruan eraginkorrago izateko urratsak egin, bertzeak bertze”. Abiadura handiko trenarekin ere badu kezka udalak: “Geltokirik gabe utziko gintuzke; horrek despopulazioa lagundu bertzerik ez luke eginen”. Ez du garbi bi urte barru berriz ere hautagai izanen den, baina bai, ordea, “ohore handia” dela alkate izatea.

 

ZIZUR NAGUSIA

Jon Gondan Cabrera (Geroa Bai). Oposizioan izan zen lehenbizi, eta alkate, berriz, azken sei urteotan. Krisiaren gainetik, udalak lanerako izan duen gaitasuna nabarmendu du.

Jon Gondan Zizur Nagusiko alkatea.

“Ari gara aldaketarako politikak finkatzen”

Bigarrena du oraingo legegintzaldia Zizur Nagusiko Geroa Baiko alkate Jon Gondan Cabrerak (Iruñea, 1991) kargu horretan. Aurreko legegintzaldian, EH Bildurekin eta Ezkerrarekin osatu zuen hiruko udal gobernua Geroa Baiko agintariak; eta 2019ko ekainaren 15eko osoko bilkuran, berriz, EH Bilduren eta AS Zizur taldearen babesa jaso zuen Gondan Cabrerak alkate bilakatzeko. Aurretik, 2011. urtetik 2015. urtera, oposizioko zinegotzia izan zen.

Zizur Nagusian ere ezin izan diote ihes egin koronabirusaren pandemiaren eraginari, eta osasun krisiari aurre egiteko beharrak markatu ditu, neurri handi batean, herri horretako udaletxeko agintarien urratsak, azken urtean.

Alkateak, halere, “aurrera egiteko ahalegina” nabarmendu nahi izan du: “Ontzat jotzen dut azken bi urteotan udaletxean egin dugun lana, 2015. urtean agindu genuen aldaketarako politikak finkatzen ari garelako; lanean jarraitzen dugu, gobernu akordioa betetzeko prest”, erran du Gondanek.

Bertzeak bertze, pandemiak markatutako azken urtean, Zizur Nagusiko Udalak bi milioi euroren inbertsioak egin ditu argiteria berritzeko, karrikak asfaltatzeko, eta Patxi Morentin guneko lanak amaitzeko, alkateak nabarmendu duenez. “Datozen bi urteotan, berriz, gaztetxe berriko lanak jarriko ditugu martxan, eta pentsiodunen elkartea berrituko dugu, besteak beste”, erantsi du.

Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean egin beharrekoak ere aipatu ditu Zizur Nagusiko alkateak; herriko irteera hobetzeko proiektu bat dute, adibidez, bai eta Ardoi urbanizazioan osasun etxe berri bat egitekoa ere.

Azken bi legegintzaldien arteko aldea jarri du alkateak erdigunean, bertzalde: lehenak ikasteko aukera eman diola nabarmendu du, batez ere; eta bigarrenak proiektuak gauzatzeko aukera emanen diola garbi du.

Halere, zortzi urte ere gutxi direla erran du Zizur Nagusiko alkateak: “Bi legegintzaldi motz gelditzen dira zure herriarentzat nahi duzun proiektua osatu eta garatu ahal izateko”. Lanean segitzea du asmo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.