BALMASEDA
Aitor Larrinaga (CLI). COVID-19aren gogorrena igarota, proiektu berriak abiatzeko ilusioari buruz hitz egin du Larrinagak. Haren esanetan, bioekonomia da ardatza.
“Enpresa traktoreak gera daitezen saiatzen ari gara”
Frankismoaren osteko lehen udal hauteskundeez geroztik (1979), Balmasedan EAJko alkatea izan dute, 2019an CLI Tokiko Hautagaitza Independenteak, EH Bildurekin batera, lekua hartu zion arte. Uste baino lurreratze zailagoa izan zuen alkatetzan Aitor Larrinagak (Balmaseda, 1968). Hala ere, kargura egokitu eta 2020rako aurrekontua prestatzea lortu zuten. Onartu eta astebetera, COVID-19aren pandemia iritsi zen. Alkateari zaila egin zaio orain arteko agintea; hala aitortu du: “Instalazioak eta zerbitzuak ixteko erabaki zailak hartu behar izan ditugu; osasun neurriak kontrolatu, kutsatzeak, heriotzak… COVID-19a gogorra izan da”. Hala ere, datozen bi urteetan “gutxienez proiektuak hasteko ilusioa” du.CLIk herriaren garapen jasangarria eta enplegua lortzea du lehentasun: “Bioekonomia da eskualderako apustua. Nekazaritzako industria eta basoko jarduera berritzaileak eta ekonomia zirkularra ditugu ardatz”. Balmasedan bide horretan lanean ari direla adierazi du: “Enkarterri Open Lab eta Gure Lurreko Merkatua lantzen ari gara. Bertako produktuari balioa ematen diogu, eta lehen sektoreko proiektu txikiak sustatzen ditugu”.Web plataforma bat ere sortu dute, eta 300 saltoki baino gehiago erregistratu dira bertan: “Pandemian ikusi genuen online sistema bezeroak bereganatzeko formula bat dela. Balmasedako saltoki eta enpresa gehienak webgune horretan daude”.Gainera, Larrinagak garrantzitsua deritzo lana sortzen duten enpresak herrian geratzeari: “Enpresa traktoreak gera daitezen saiatzen ari gara. Ez dira asko, baina guretzako oso garrantzitsuak dira. Ahalik eta baldintza onenak izatea nahi dugu, hemen jarrai dezaten”.Agintaldian, udaleko lan gatazka kudeatzea ere egokitu zaio alkateari. Hainbat langilek salatu dute udalak lanpostuen zerrenda egokituta zenbait lanpostu desagertuko direla. Larrinagak gezurtatu egin du salaketa, ehorzlearen kasua eredu jarrita: “Ehorzlea erretiratzen denean, lanpostu hori desagertu egingo da, ez baitauka zentzurik udal langile gisa ehorzle bat egoteak. Baina inork ez du lanpostua galduko”.
ERMUA
Juan Carlos Abascal (PSE-EE). COVID-19aren astinduari eusteko gaitasuna izan dutela azaldu du Abascalek, udala lehenagotik ari zelako datozen erronka berrietarako prestatzen.
“Zabortegiaren krisia izan genuen guk ia aldi berean”
Bi gertaerak markatu dute Juan Carlos Abascalen (Ermua, 1974) orain arteko agintaldia: Zaldibarko zabortegiaren luiziak eta COVID-19aren pandemiak. PSE-EEko kideak aitortu du Zaldibarko zabortegiak goitik behera aldatu zuela beren bizitza: “Herri guztiek pairatu dute COVID-19a, baina guk ia aldi berean pairatu genuen zabortegiaren krisia, eta gure bizitza asaldatu du horrek”.Zabortegiaren aferaren kudeaketagatik “irainak eta pintaketak” jasan dituztela salatu du. Orain, azalpenak eskatu ditu, adierazita Eusko Jaurlaritzak 2007an eman zuela zabortegia han egiteko baimena eta EA zegoela Ingurumen Sailean orduan.Hala ere, alkateak alde positiboari begiratu dio: “Udal hau COVID-19aren aurretik ari zen prestatzen datozen erronketarako. Garai aldaketa baten aurrean gaude: digitalizazioa, 4.0 industria, benetako berdintasun eraginkorra eta gobernu ona. Jada lantzen ari garen erronkak dira”. Abascalek esan du aurrea hartze horri eta aurrekontuen urteetako “zorroztasunari esker, COVID-19aren erasoari aurre egiteaz gain, enplegu politikak, sozialak, laguntza ekonomikoak eta kontziliazio programak” ezarri dituztela, eta eutsi egin dietela kultur ikuskizunei.Agintaldi honetarako pentsatuta zituzten proiektuak gauzatzen ari direla azaldu du: “Liburutegia handituko dugu, egungo beharretara askoz hobeto egokitzeko”. Etxebizitza politikari dagokionez, iragarri du babes ofizialeko 50 apartamentu sustatuko dituztela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari dira. “Horretan ere behar berriei erantzungo diegu: alokairuzko etxebizitzak, txikiagoak, egokiagoak guraso bakarreko familien, gazteen eta adinekoen beharretarako”, adierazi du.Aitortu du Carlos Totorikaren lekukoa hartzea “erronka handia” zela —ia 30 urtez Ermuko alkate izan zen—. Haren agintaldian ireki zuten Izarra Centre, enpresak Ermuara erakartzeko helburua zuen egitasmoa. Egungo datuak eman ditu: %70etik gorako okupazioa dute. Banda zabaleko sare neutroa ere sortu dute: “Azpiegitura egin dugu guk. Nahi duten operadoreek erabil dezakete baldintza beretan”.
GETXO
Amaia Agirre (EAJ). Pandemiaren garairik zailena igarota, hainbat erronka ditu Agirreren udalak: hala nola belaunaldien arteko zentroa sortzea eta Fadura kiroldegia parke publiko egitea.
“Jarduera ekonomikorik gabe, dinamismo txikia”
Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoaren iloba izanik, erbestera jo behar izan zuen Amaia Agirreren (Getxo, 1974) familiak. Azken 30 urteak herrian daramatza Getxoko alkateak. EAJko zinegotzi gisa ezagutzen zuen udala; osotasunean ezagutzeko aukera eman dio alkatetzak agintaldi honetan.Gogora ekarri du COVID-19aren astindua “oso gogorra” izan dela. Besteak beste, “diru laguntza dinamikoagoak bermatu, eta aurrekontuaren zati handi bat pandemiara egokitu” behar izan zuten. “Jarduera ekonomikorik ez daukan herri batek dinamismo txikia dauka, eta horren alde ere lanean aritu ginen”, esan du Agirrek.Orain, pandemiari lotuta, bigarren programa zabal bat atera dute: Getxo Ekinez. 80 neurri dauzka, eta hamahiru milioi euroko aurrekontua bideratu dute, “udal talde guztien adostasunarekin”.Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du udalak: aparkalekuak, TAO espresa, hirigunean 30 kilometro orduko abiadura ezarri izana eta bidegorriak jo ditu asmo horren eredutzat: “Helburua da trafikoa moteltzea, kutsadura eta zarata murriztea, oinezkoek toki gehiago izatea, eta, batez ere, segurtasuna areagotzea”. Beste erronka batzuk ere badituzte, alkatearen esanetan: “Fadura kiroldegia parke publiko egitea. Prozesu parte hartzaile oso handia egin genuen; saritu ere egin zuten”. Eta martxan jarri dute Muxikebarri arte, kultura eta kongresu zentroa.Ekintzaile berrientzat guneak irekitzen ari dira: “Itsas Faben hamabost proiekturentzako lekua dago, eta ireki bezain laster bete da”. Agirreren ustez, getxoztarrei “guneak eskaini behar zaizkie enpresak sor ditzaten eta beren bizi proiektuak Getxon egin ditzaten”.
Itzubaltzetan belaunaldien arteko zentro berritzaile bat sortuko dute: Lope de Vega kaleko 12an; Getxoko populazioaren %30 70 urtetik gorakoak direla eta, beharrezko jo du. Gazteentzako irtenbide gisa ere aurkeztu du: “40 etxebizitza egingo ditugu han”. Eraikina ez eraisteko auzotarrek batutako sinadurei buruz, uste du hauteskundeen emaitzek babesa eman ziotela proiektuari.
URDUÑA
Itziar Biguri (EH Bildu). Zahar etxea udalak kudeatzen du, eta Bigurik esan du garai zailak bizi izan dituztela. Egoera sozioekonomikoa suspertzeko proiektuak lantzen ari dira.
“Askotan oso bakarrik sentitu gara”Itziar Biguriri (Urduña, 1973) ez zaio arrotza egin Urduñako Udalaren kudeaketa. Nahiz eta EH Bilduko kidea 2019ko hauteskundeen ostean estreinatu zen alkate gisa, bidea egina zuen aurretik zinegotzi gisa. Hala ere, aitortu du agintaldia “zailagoa” izaten ari dela “pandemiagatik”.
Oso gertutik sufritu zuten COVID-19aren astindua, zaharren egoitza kudeatzen baitute. “Askotan oso bakarrik sentitu gara”, aitortu du: “batez ere, lehen hilabeteetan, ezjakintasun handia zegoelako, bereziki, protokoloei zegokienez. Beldur handia ere izan dugu”. Egoitzako lantaldearen lana goraipatuta, azpimarratu du kutsatzeak izan arren inor ez zela hil birusagatik.
Langile gehiago kontratatu zituzten egoitzarako, eta udalak gastu handia egin behar izan zuen babes neurrietarako. Horrek ondorioak izan ditu: “Agintaldirako plan batzuk albo batera utzi behar izan ditugu, edo uste baino astiroago egin beharko ditugu, egoitzaren egoera ekonomikoari begira gaudelako”. Esan du hala ere herritarrei zerbitzuak mantendu dizkietela.
Gogora ekarri du duela bi agintaldi EH Bildu udal gobernuan sartu zenean oso zor handia aurkitu zuela, eta oraindik ere ordaintzen ari direla: “Oraindik bi milioi eta erdi euro geratzen zaizkigu ordaintzeko, eta gure udalaren aurrekontua 4.700.000 eurokoa da”. Egoera horretan, pertsona bat kontratatu dute bi helburu betetzeko: batetik, proiektuak aurkeztea Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek eskualdearen egoera sozioekonomikoa suspertzeko ematen dituzten laguntzak jasotzeko, eta, bestetik, enpresak erakarri eta horiei laguntzea. “Esperientzia oso positiboa da, baina emaitzak luzera begira ikusiko dira”, adierazi du alkateak.
Egunerokoan, mugikortasuna dute arazo: “Tren zerbitzu batzuk kentzen dizkigute, abisatu gabe”. Autobusa ere badute Galdakaoko ospitalera, baina “egunean hiruzpalau baino ez”. Gasteizerako garraio publikorik ez dute. Egoera horri irtenbidea emateko, mugikortasun azterketa bat eskatu du EH Bilduk. EAJrekin aho batez onartu berri duten mozioan jaso nahi zuten eskaera, baina, azkenean, AP-68rako hobariak onartu dituzte aho batez.