Gipuzkoa berrabiarazteko unea dela aldarrikatu du Olanok

Legealdiaren erdira iritsita, balantzea egin du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Azken hilabeteak «gogorrak» izan direla nabarmendu du, eta gizartea eraldatzen jarraitzeko deia egin du.

Markel Olano diputatu nagusia artxiboko irudian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko ekainaren 11
15:30
Entzun

2019-2023 agintaldiaren erdia igaro berritan, azken bi urteen balorazioa egin du gaur goizean Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Azken hilabeteak «oso gogorrak» izan direla onartu du ahaldun nagusiak, eta horren ondotik, orain Gipuzkoa «berrabiarazteko» unea dela aldarrikatu du: «Gure ekonomia eta gizartea eraldatzen jarraitzeko, desberdintasun sozialak geldiarazteko eta, gaurtik aurrera, hurrengo belaunaldien etorkizuna bermatzeko unea da».

Azken hilabete «gogorren» aitzinean, COVID-19aren pandemiak bizitzetan, ekonomian eta gizartean izan dituen efektuei aurre egiteko garaian, gipuzkoarrek «itzelezko lana» egin dutela nabarmendu du. Lan ildoa pertsonen osasun eta bizitzaren babesa, eta datozen belaunaldien etorkizun soziala eta ekonomikoa bermatzeko apustua izan direla aldarrikatu du.

Etorkizunera begira, Gipuzkoak Europa osoan desberdintasun sozial txikienak dituen lurraldeetako bat izan nahi duela azaldu du Olanok. Horrek, Olanoren iritziz, besteak beste, genero berdintasunean, hizkuntza berdintasunean eta lurralde barruko orekan aurrera egitea ekarri beharko luke. Bide horretan, nabarmendu du Elkar Ekin Lanean 2021-2023 enplegagarritasun programa paratu dutela abian Gipuzkoan lanerako aukera inlusiboak ugaritzeko, eta hiru urtean, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako 3.500 lanpostu berri sortzeko.

Azken aldian hildako herritarrak gogoan izan ditu Olanok, eta Osakidetzako eta Gizarte Zerbitzuetako langileei aitortza egin die. Pertsonen osasuna eta bizitza lehentasun izan direla azaldu du, eta hemendik aitzinera ere horrela izaten jarraituko dutela aldarrikatu du.

Aldaketa klimatikoaru aurre egitea, lehentasun

Olanorekin batera, Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatuak ere hartu du hitza, eta klima aldaketari aurre egitea lehentasun dutela erran du. Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko fundazioaren instalazioa areagotzen hasiko direla azaldu du, eta berau Europako ingurumen proiektuak kudeatzeko tresna izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.