Datorren astean beste epaiketa bati egin beharko dio aurre Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohi eta gatazkaren konponbiderako bake negoziazioetan bitartekari lanak egin zituenak. Horren harira, nazioarteko 375 aditu eta eragileren babesa jaso du Urrutikoetxeak. Eskatu dute bake negoziatzaileen defentsa egiteko eta Frantziak Josu Urrutikoetxea babesteko.
Bakearen nobel saridunek, pentsalariek, gatazken konponbideetako adituek eta beste hainbatek osatzen dute zerrenda. Besteak beste, honako hauek egin dute bat: Brian Currin abokatuak; Harold Good apaiz, OBE Britainiar Inperioaren Ordenako ofizial eta IRAren armen konfiskatzea egiaztatu zutenetako batek; Charlotte Kates Amerikako abokatuen elkarte nazionaleko koordinatzaileak; Monica McWilliams justizia trantsizionalean adituak, Christiane Taubira Frantziako Gobernuko Justizia ministro ohiak; Jose Bove Basque Friendshiparen sustatzaileak Europako Parlamentuan; Carles Puigdemont, Clara Ponsati eta Antoni Comin Kataluniako eurodiputatuek; Slavoj Zizekek eta Noam Chomsky pentsalariek; eta EH Bilduko Mertxe Aizpuruak, Pernando Barrenak, Maddalen Iriartek eta Julen Arzuagak.
Urrutikoetxeak bi auzi ditu zabalik Madrilen: Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuarteleko atentatuarena (1987) eta herriko tabernena. Espainiak Madrilgo Barajas aireportuko atentatuagatik (2006) ere epaitu nahi du, baina Parisek iaz atzera bota zuen Barajasko auziaren euroagindu eskaera, zehaztasunik eza argudiatuta.
Maiatzean Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen Urrutikoetxea auzipetzeko zabalik zegoen beste auto bat. Auto horretan, 1980an Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketan parte hartu izana egozten zioten, baina akusazio horrek ez zuen heldulekurik, Santiago Pedraz epaileak auto batean jakinarazi duenez: hilketa hura ETA politiko-militarrak (ETApm) harti zuen bere gain, eta Urrutikoetxea ETA militarreko (ETAm) kidea zen. Hori hala zela baieztatu du Pedrazek, Guardia Zibilaren txostenak erreferentziatzat hartuta. Epaileak orain Auzitegi Nazionaleko salara bidaliko du sumarioa, eta hari dagokio artxiboa ematea.
Frantzia, berriz, Urrutikoetxearen aurkako bi epaiketa egitekoa da, ETAko kide gisa 2005-2007ko eta 2011-2013ko prozesuetan parte hartzea egotzita. Parisen bizi da Urrutikoetxea, eta iazko uztailetik libre da, baldintzapean. Iazko abenduan elkarrizketa zabal bat eman zion BERRIAri.