Bizkotxalde plazan, larunbat gaueko eraso homofoboa jasan zuen leku berean, herri oso baten babesa jaso zuen atzo Ekain Perrino gazte basauriarrak. Txalo eta oihuen artean, Basaurik (Bizkaia) argi adierazi zuen homofobiak ez duela lekurik herriko kaleetan, eta milaka pertsona bildu zituen manifestazio batekin jakinarazi zuen eraso bakoitzak erantzuna izango duela.
Udaletxetik irten zen 19:00etan Basaurin 23 urteko gazteak larunbatean jasandako eraso homofoboa salatzeko manifestazioa, eta jende andana batu zen Basauriko kaleetan, homofobiarik ez lelopean. Erasoa jasan duenaren ingurukoez gain, Ekainak 28 Koordinakundea, Intifada Marika, EHGAM eta Sare lesbianista bezalako taldeak ibili ziren protesta antolatzen, eta erasoekiko «erabateko gaitzespena» adierazi zuten.
Ekain Basauri zurekin dago!💜
— Leire (@leeire01) June 10, 2021
Erasorik ez erantzunik gabe! Aurrean izango garelako beti eta beharrezkoa den guztietan kaleak beteko ditugu! Heteropatriarkatuari SUA! pic.twitter.com/DbPeKSWbvO
Euskal Herriko hainbat lekutan homofobiaren aurka egin ziren protesten epizentroa izan zen Basauriko manifestazioa. Amaierako ekitaldian, E28 Koordinakundeko kide batek hartu zuen hitza, han bildutako guztien izenean Perrinori elkartasuna adierazi eta 23 urteko gazteak jasandako erasoa gaitzesteko: «Erantzun egin behar dugu, eta gure gizartea leku seguruago bihurtzen lagundu behar dugu, urteko egun guztietan». Halaber, erakunde publikoentzako mezu zuzen bat ere bidali zuen: «Ez da nahikoa argazki batean jartzea, komunikatu bat egitea edo balkoi batean bandera bat jartzea gaitz sozial hori serioski hartzen ez badute».
Eraso homofoboa larunbat gauean gertatu zen, 02:30ean. Perrino lagun batzuekin plazan zegoela, beste gazte bat iraintzen hasi zitzaion, eta gero irainak kolpe bilakatu ziren. Hamahiru gizonen artean jipoitu zuten azkenean, «marikoi zikina» eta bestelakoak oihukatzen ari zirela, eta konorterik gabe utzi zuten. Erasotzaileek ihes egin zuten, baina Poliziak dagoeneko haietako bederatzi identifikatu ditu.
Basauriko herritarrez gain, kanpotik ere heldu zen jendea, elkartasuna adierazi eta kaleak LGTBI kolektiboaren aldeko banderez betetzera. Erasoa gertatu zen Bizkotxalde parkean bukatu da manifestazioa, eta prentsaurrekoa eman du erasoa jasan zuen gazteak, Ekain Perrinok, bere bikotekide eta lagun batekin batera. Bertan, salatu zuten homofobia «egiturazko arazoa» dela, eta nabarmendu zuten eraso homofoboak ez dituztela soilik «erradikalen taldeek» egiten, «gizarte osoaren erantzukizuna» baitira. Perrinoren bikotekideak, gainera, adierazi zuen ez dutela protesta egiten beren eskubideak erregutzeko: «Ez diogu inori ezer erregutzen, gure eskubideak exijitzen gabiltza». «Autodefentsa eta antolakuntza» ere aldarrikatu zituzten, eta, azkenik, eskerrak eman zizkioten bildu zen jendeari.
Perrinok hedabideen aurrean hitz egin zuen asteazkenean, eta hari gertatutakoa salatu beharra azpimarratu zuen: «Orain hemen nago, zer gertatu den kontatzeko, batez ere berriz ere gerta ez dadin». Erasoaren ostean jasotako babes guztiari esker «poliki-poliki burua altxatzen» ari dela jakinarazi zuen, eta larunbatean inguruan zeuden gazteei eskatu zien ikusitakoa Ertzaintzari kontatzeko.
Legebiltzarra ere, alde
Eusko Legebiltzarreko talde guztiek ere salatu zuten erasoa atzo: EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Csek adierazpen bateratu bat kaleratu zuten erasoarekiko beren «arbuio indartsuena» agertu eta fiskaltzari ofizioz jarduteko eskatzeko.
Alderdiek elkartasuna adierazi zioten hamahiru gaztek jipoituriko gazteari, Ekain Perrinori, eta «beharrezkoak diren baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak» eskaini zizkioten, baita informazioa eta akonpainamendua ere. Halaber, nabarmendu zuten eraso matxistek eta eraso LGTBIfobikoek «pertsona guztiek izateko, sentitzeko, eta askatasunean beldurrik gabe bizitzeko duten eskubidea» urratzen dutela, eta azpimarratu kolektibo zapalduen eguneroko borroka «inoiz baino beharrezkoagoa» dela.
Legebiltzarreko taldeek mobilizaziora batzeko deia ere egin zieten herritarrei. Halaber, kaleratutako oharrean Vicente Vadillo Santamaria Francis</em> izan zuten gogoan, haren hilketaren 42. urteurrena dela eta. Francis Espainiako Poliziak hil zuen tiro batez, Errenterian, 1979an, eta alderdiek gogorarazi zuten haren hilketak «euskal LGTBI mugimenduaren hasiera» ekarri zuela.
Arartekoaren gaitzespena
Legebiltzarrak bezala, Arartekoak ere Basauriko eraso homofoboa arbuiatu zuen atzo ohar bidez, halakoak «demokrazian onartezinak» direla azpimarratuz: «Giza eskubideei eta pertsonen sexu-joerarako askatasunari zuzenean eraso egiten dieten horrelako ekintza bandalikoek erakusten dute homofobia, tamalez, oraindik bizirik dagoela gure gizartean, eta baita botere publikoen eta gizartearen jarrera proaktiboaren bitartez bakarrik deuseztatu ahal izango dela ere».
Era berean, gay eta lesbianei esan zien «ez dezatela ametitu beren askatasuna horrelako eraso lesbofobo eta homofoboen bitartez murriztu dezaten, eraso txikiak izan arren», eta beren sexu joeragatik jasandako «bereizkeriazko edozein ekintza, gorroto adierazpen edo gorroto ekintza» agintari publikoei jakinarazteko eskatu zien.