Euskal Presoak

Presoen aldeko martxa eginen dute uztailaren 10ean, Baionatik Donibane Lohizunera

Bakegileek terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzaren jarrera salatu dute, eta kezka agertu dute Frantzian gertatzen ari den «lerratze sekuritarioaren» aitzinean. Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten baldintzapeko askatasun eskaerei oztoporik ez jartzeko eskatu dute.

Bakegileak gaur goizko agerrialdian, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 9a
12:54
Entzun

Orain presoak! lelopean, euskal presoen eskubideen aldeko martxa eginen dute Bakegileek uztailaren 10ean, Baionatik Donibane Lohizunera (Lapurdi). Frantziako Justizia Ministerioarekin harremanean segitzen badute ere, azpimarratu dute egiten dituzten eskaerek ez dutela erantzun baikorrik eskuratu, eta kezka agertu dute azken urteetan Frantzian gertatzen ari den «lerratze sekuritarioaren» ondorioz egoerak har lezakeen bilakaerarekin. Terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzaren jarrera azpimarratu dute, beste behin; erran dute «konfrontazioa» nahi duela eta «iraganeko eskemetan» dela.

Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak oroitarazi du orain dela 31 urte atxilotu zituztela Unai eta Jon Kepa Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Xistor. Joan den azaroan baldintzapeko askatasuna onartu zioten Haranbururi, eta etxean betetzen ari da zigorra; gainerakoek presondegian segitzen dute. «Iraganaz egiten dugun irakurketa edozein izanik ere, militante hauen askatasuna ezinbestekoa den zerbait bilakatu da lurralde mailan. Gainditu beharreko etapa bat da, 2011ko urriaren 17an Donostian abiatu zen bake prozesuak indartua eta iraunkortua izan behar baitu». Donibane Lohizunekoa da Esnal, eta Baionan bizi zen Jon Kepa Parot, horregatik lotuko dituzte bi herriak: 31 urte, 31 kilometro.

Orain dela aste batzuk zendu zen Mixel Berhokoirigoin Bakegilea oroitu dute, eta harekin hasitako bidea bururaino eramateko borondatea agertu dute. Hala ere, «kezkagarria» zaie gaur egungo egoera politikoa. Espainiako Estatuan «mugimenduak» ikusten badituzte ere, Paris «atzeraka» ari dela deitoratu dute: «Gaur egun, testuinguru politikoa kontuan hartu, eta baldintzapeko askatasunei bidea ireki diete epaitegiek, baina terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak harresi bat altxatu du bake prozesuarentzat beharrezkoa eta logikoa den bide horren aitzinean». Arrangura agertu dute Esnal eta Jon Kepa Paroten epe muga juridikoari emanen dioten irtenbideari buruz: «Zer espero behar dugu? Ez dugu, Xistor Haranburuk izan duen beste irtenbiderik onartuko».

Bakegileen iritziz, Euskal Herriko gizarteak «bilakaera erradikal bat» espero du euskal presoen gaiaren inguruan. «Euskal jendartea prest da urrats guztiak laguntzeko eztabaidaren bidean, eta ondotik gatazkaren biktima guztien inguruan eta justizia trantsizionalaren inguruan». Horregatik, ondoko asteetako mobilizazioa «erabakigarria» izanen dela erran dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.