Kongresua

Hasi da ia 200 ikertzaile gazte bilduko dituen Ikergazte kongresua

Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, Gasteizko Europa jauregian elkartuko dira hiru egunez.

Ikergazteren harrera ekitaldia, gaur goizean. IKERGAZTE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 9a
10:42
Entzun

Ikertzaile gazte eta euskaldunak bilduko dituen kongresua. Finean, horixe da Ikergazte. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, gaur hasi da, eta, hiru egunez, ia 200 ikertzaile bilduko ditu Gasteizko Europa jauregian. Orotara, 214 lagunek parte hartuko dute, eta emakumeak izango dira gehienak: %60 inguru.

Aurten laugarrenez egingo dute kongresua, eta inoiz baino ekarpen handiagoa izatea lortu dute: 163 lan jaso dituzte, eta 150 onartu. Ikergazteren koordinatzaile Olatz Arbelaitzek BERRIAri nabarmendu dionez, Ikergazte ikertzaile gazteen artean dagoeneko baloratzen denaren seinale da hori.

Gaur ekin diote kongresuari, harrera ekitaldi bat eginda. Bertan izan dira Kepa Sarasola UEUko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Blanca Urgell Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Olatz Arbelaitz Ikergazteren koordinatzailea. Horretaz gainera, besteak beste, What is feminist research in art history? hitzaldia izango da, Middlesex Unibertsitateko Katy Deepwellen eskutik; Hizkuntza teknologiaren bilakaera: Ixa taldearen esperientzia. Erabili zientzia gure gizartearen alde hitzaldia emango du EHUko eta UEUko Arantza Diaz de Ilarrazak; eta Ezagutzaren dibulgazioa, ahalduntzeko tresna solasaldia izango dute.

Datozen egunetarako ere egitarau oparoa prestatu dute. Hainbat hitzaldi, aurkezpen eta bestelako ekintza izango dituzte, tartean, Nuria Oliver telekomunikazio ingeniari eta Inteligentzia Artifizialeko doktoreak eta Eneko Axpe fisikariakeskainiko dituzten hitzaldiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.