Eurokopa

Ukrainaren elastikoak haserrea eragin du Errusian

Kamisetak Ukrainako mapa bat du marraztuta gainean, eta barne hartzen du Errusiaren menpe dagoen Krimeako penintsula. 

Ukrainako jokalari bat, Eurokopan jantziko duten elastiko berria soinean duela. UKRAINAKO FUTBOL FEDERAZIOA
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 7a
15:37
Entzun

Futbola eta politika ez direla nahastu behar esan ohi dute hainbatek, baina beste behin ere ikusi da ezinezkoa dela banaketa. Ostiralean hasiko da Eurokopa, eta Ukrainako Futbol Federazioak aurkeztu du han jantziko duen elastikoa: Joma etxearen diseinua ez da bereziki deigarria, baina eztabaida sortu du Errusian. Izan ere, futbol federazioaren armarriaren inguruan Ukrainako mapa bat dago marraztuta, eta hark barne hartzen du Errusiaren menpe dagoen Krimeako penintsula.

Errusiak 2014. urtean hartu zuen Krimea kontrolpean, eta ahaleginak egiten ari da penintsula behin betiko Errusia bihur dadin. Nazioarteko hainbat gobernuk, ordea, ez dute anexio hori babesten: besteak beste, AEBetakoak.

Duela gutxi gerra hotsak ere entzun ziren. Apirilean, Ukrainak erreserbistak borrokako lehen lerrora itzultzea errazten duen lege bat onartu zuen, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Mendebaldeari ohartarazi zion ez duela onartuko Moskuk ezarritako «marra gorriak» zeharkatzea: «Ez ditugu zubiak suntsitu nahi, baina inork gure asmo onak ahultasunarekin nahasten baditu, gure erantzuna bera izango da, hau da, azkarra eta gogorra».

Andrii Pavelko Ukrainako Futbol Federazioko zuzendariak atzo aurkeztu zuen Eurokoparako kamiseta, Facebooken: «Ukrainaren profilaren marrazkiak jokalariei indarra emango diela uste dugu, Ukraina osoaren alde borrokatuko baitira», idatzi zuen. «Ukraina osoak babestuko ditu norgehiagoketan, Sebastopoletik Simferopoleraino, Donetsketik eta Lugansketik Uzhgoroderaino». Sebastopol eta Simferopol Krimean daude.

Mapa ez da eztabaida eragin duen kamisetaren osagai bakarra. Atzealdean idatzia duen lemak Loria Ukrainari! dio, eta, elastikoaren barnealdean, berriz, Loria heroiei! dio. Bi esaldi horiek oso erabiliak izan dira Ukrainako armadan, 2014an Viktor Yanukovitx boteretik kendu zuen iraultzaren aldekoen artean.

Erreakzioak

Sareetan erreakzioak eragin ditu kamisetak. Errusiako Atzerri ministerioaren bozeramaile Maria Zakharovak, adibidez, idatzi zuen elastikoan ageri diren lemak nazionalistak direla, eta bi lema horien jatorria nazien gudako oihu bat dela.

Dmitry Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak ere hitz egin du gaiari buruz: azaldu du asko gustatu zaiola elastikoa, eta gehitu du ez duela onartuko Ukrainako ikur nazionalak iraintzea.

Aurtengo Eurokopa hamabi herrialdetan jokatuko da: besteak beste, Errusian, San Petersburgon. Final laurdenetako neurketa bat ere jokatuko da han, baina Ukrainak ez du han jokatu beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.