«Herritarrek eskubidea dute Iruñeko Udalarekin eta haren sektore instituzionalarekin, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko, eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko. Horregatik, udala behartuta dago herritarren eskubide hori betetzeko behar diren neurriak hartzera». Javier Enerizek, Nafarroako arartekoak, eskaera zuzena egin dio Iruñeko Udalari: neurriak har ditzala euskarazko arreta bermatzeko. Administrazioan Euskaraz taldeak aurkeztutako kexa bati erantzunez egin du galdea. Izan ere, udalaren Hirigintzako Gerentzia organismo autonomoan 38 egiturazko lanpostu daude, baina bakar batean ere ez dago ezarria euskara eskakizunik.
Maiatzaren 31n emandako ebazpenean, arartekoak balekotzat jo du Administrazioan Euskaraz taldearen salaketa, eta, udal ordenantzan xedatutakoa aplikatuta, udalak euskarazko arreta bermatu beharko lukeela berretsi. Orain, udalak bi hilabeteko epea dauka jakinarazteko arartekoaren gomendioa onartzen duen ala ez.
Administrazioan Euskaraz taldeak gogorarazi du azken urteetan zenbait alderdi politikok gobernatu dutela Iruñeko Udala, «eta, bitartean, Hirigintza Gerentzia euskaratik aparte ibili da, autonomo». Arartekoaren esku hartzea «eraginkorra» izanen delako esperantza agertu dute.