Egiari Zor fundazioak bertan behera utzi zituen ostiralean Txabi Etxebarrieta gogoratzeko larunbatean Bilbon egitekoa zen hitzaldia eta igandean Derioko hilerrian antolatua zuen ekitaldia. Atzo azaldu zuten zergatia, eta euren «jarduera kriminalizatzeko ahalegina» jasan dutela salatu zuten, Bilbon.
Dignidad y Justicia elkarteak auzitara jo zuen ekitaldiak debekatzeko, argudiatuta «terrorismoa goratzeko» delitu bat izan zitekeela horiek egitea, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak baimendu egin zituen. Udalak, ordea, ez zuen atzo hitzaldia egitekoak ziren aretoa erabiltzeko baimenik eman. Etxebarrietak eragin zuen ETAren lehen biktima, Jose Antonio Pardines guardia zibila, 1967ko ekainaren 7an, Francisco Francoren diktaduraren garaian. Egun berean, Guardia Zibilak Etxebarrieta bera hil zuen tiroz, Tolosan (Gipuzkoa).
«Gasteizko zentro memorial baztertzailea inauguratzen den aste berean, Egiari Zor fundazioren barruan barnebiltzen diren estatuaren indarkeriaren biktimok, gure jarduera kriminalizatzeko ahalegina jasan dugu». Elkarteak atzo azaldu zuen zer-nolako ekitaldiak zituen antolatuta. Horietako bat hitzaldi bat zen. Horretan, Etxebarrietaren heriotzaren inguruko bertsio kontrajarriak azaldu behar zituzten; besteak beste, exekuzioarena. «Dokumentazio hori guztia ikuspegi tekniko eta kualifikatu batetik aztertzea, kasu honi buruzko zalantzak argitzen saiatzeko eta datu berriak mahaigaineratzeko» asmoa zutela azaldu zuten atzo.
Horrez gain, Etxebarrietari lore eskaintza bat egiteko asmoa zuten Derioko hilerrian (Bizkaia); besteak beste, eskatzeko hari ere biktima izaera ofizialki onar diezaioten.
Haatik, elkarteak gogoratu zuen ekainaren 2an Bilboko Udalak kendu egin ziela aurretik emaniko baimena hitzaldia egiteko, Bilboko John Jauregian. Erakundeak udalarekiko «izugarrizko haserrea» adierazi zuen atzo, «hirugarren batzuen funtsik gabeko ziurtasunetan oinarrituta» ezarri zutelako debekua. «Hipokresia onartezina erakutsi du, Egiari Zor fundazioaren barruan dauden estatuaren indarkeriaren biktimak eta Etxebarrieta memoria elkartea gaizkile bagina bezala hartuz eta hitza ukatuz. Salatu nahi dugu Bilboko Udalak espazio publiko bat ukatu digula, estatuaren biolentzia jasan dugun biktimak modu argian diskriminatuta. Eta, are gehiago, debeku honek gizarte gisa indarkeriazko heriotza kasu baten inguruan egia ezagutzeko dugun eskubidea oztopatu duela ere esan behar dugu».
Udalak oroimenerako eskubidea urratu duela salatu zuten, eta gogoratu zuten Eusko Jaurlaritzaren bake eta bizikidetza planaren leloetako bat: iragana argitu beharra dago, etorkizunari aurre egiteko. Erakundeek Txabi Etxebarrietaren ikertzen lagundu beharko luketela gaineratu zuten, eta, harekin batera, Mikel Zabalzaren afera, Luzia Urigoitiarena eta Iñigo Cabacasena aipatu dituzte.
«Kriminalizatu nahi izan gaituzte, fiskal gisa aritu nahi duten horiek eta estatuaren bortxaren biktimek gure herriko leku publikoetan zer egin dezakegun edo zer ez erabaki nahi dutenek. Eta Bilboko Udalak hori ahalbidetu du, gure lana kriminalizatu nahi izan dutenen eskakizunei men egin die, egia ezagutzeko borrokan jarraitzen duten senitartekoak, urte luzez ahanzturara kondenaturik egon direnak, babestu beharrean. Erabat lotsagarria da». Biktima guztientzako memoria eskatu zuten amaitzeko.
Aitziber Ibaibarriaga EH BIlduko Bilboko zinegotziak txio baten bidez gogoratu du, gaur, osaba zuen Txabi Etxebarrieta, eta «egia bilatzen» jarraituko dutela adierazi du.
Gaur duela 53 urte gure familian tragedia bat gertatu zen. Ostopoak ostopo oraindik egia bilatzen jarraitzen dugu eta gure ondoan jende asko daukagu bide horretan laguntzen. Eskerrik asko denei, beste urte batez. ð;Â;ŸÂÂŒ¹ pic.twitter.com/nlNJvLAccC
— AitziberIbaibarriaga (@AitziIbaiba) June 7, 2021