Maria Jose Bravo del Valle. BVEren biktima. 1980-05-07. Bi esaldi eta data bat plaka batean idatziak, gertatutakoa atzendu ez dadin. Donostiako Udalak Mari Jose Bravo ikaslea omendu du Loiola auzoan, bizileku zuen hartan, haren omenezko plaka bat paratuta. Garaian 16 urte zituen gaztea bortxatu eta buruan jota hil egin zuen BVE Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde parapolizialak, duela 41 urte. Ez zen hilketa ikertu ere egin.
Eguerdian gogoratu dute gertakari hura, Donostian. Biktimaren senideak, Eneko Goia alkatea eta gainerako udal taldeetako ordezkariek parte hartu dute Latsari plazako ekitaldian. Zuriñe Bravo biktimaren ilobak eskerrak eman ditu, nahiz eta omenaldia hilketa gertatu eta lau hamarraldi geroago egin duten: «Eskerrik asko keinu honengatik. Gertatu zenean, ez zen ezer egin: ez doluminik, ezta ordezkari politikoren baten hitzik ere. Nire familiari inork ez zion ezer esan. Erabat babesgabe utzi gintuzten».
Ekitaldian arrosa zuriak utzi dituzte lurrean paratutako plakaren ondoan, eta Donostiako Txistulari Bandak parte hartu du. «Bravoren senitartekoekin partekatu nahi izan dugu momentu hau haren oroimena bizirik mantentzeko. Memoria bizirik mantentzeko lanean beste pauso bat da hau», azaldu du Goiak. Bravorena «oso kasu tragikoa» izan zela ere esan du: «bidegabea» eta «krudela».
Hilketa, zigorgabe
Mari Jose Bravo bere bikotekide Javier Ruedarekin zegoen hil zuten egunean. BVEko kideek larri zauritu zuten Rueda jipoi bat emanda, eta Bravo haiekin eraman zuten, beste leku batean bortxatu eta buruan zenbait aldiz jota hiltzeko. Rueda zortzi urte geroago hil zen, jipoi hark eragindako kalteengatik. BVEk bere gain hartu zuen hilketa, eta bi gazteek ETArekin lotura zutela esan zuen. Ez zen ikerketarik egin, Poliziaren arabera, frogak desagertu egin zirelako.
Donostiako Udalak hamabi plaka paratu ditu dagoeneko, azken hamarkadetan izan diren indarkerien biktimak oroitzeko eta «ikusgarritasuna» emateko. Bravorena da eskuin muturreko talde baten biktima oroitzen duen lehenbizikoa. Gainerakoek ETAk, DRILek eta Komando Autonomo Antikapitalistek eragindako biktimak gogoratzen dituzte.