Maia Lacroix

«Ama hizkuntzan aritzean, osasun arreta hobetzen da»

Ipar Euskal Herriko Osasungoa Euskalduntzeko Elkartea sortzeko biltzar batera deitu dituzte arloko langileak, ekainaren 26rako. Medikuntzan euskararen erabilpena sustatzea da asmoa.

Iñaki Etxeleku.
2021eko ekainaren 5a
14:06
Entzun

Donapaleun eta Baigorrin lehen artako mediku ibili ondoan, urte hastapenetik Eibarren (Gipuzkoa) mediku da Maia Lacroix (Behauze, 1991), Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoan. Xan Berterretxe Baigorriko medikuarekin abiatu zuten osasungoa euskalduntzeko elkarte baten sortzeko ideia. Horretarako, lehenbiziko biltzar nagusira dei egin diete interesatuak diren ofizioko arta emaile guziei: ekainaren 26an izanen da, 10:00etan, Makeako Mindegia gelan.

Zerk deliberatu zaituzte Osasungoaren Euskalduntzeko Elkartearen sortzera?

Franko naturalki elkartu ginen Xan [Berterretxe] eta biak Hego Euskal Herriko OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen kongresu batean, Arantzazun [Bizkaia], duela hiru urte. Aitzinetik elkar ezagutzen genuen, eta bagenekien biek bagenuela enbeia medikuntzan euskara sustatzeko, Iparraldean. Arantzazun ikusi genuen gauzak antolatuak zirela baina ez zirela baitezpada egokituak Iparraldeari, ez baita ber antolaketa osagarri mailan eta euskarak ez baitu ber lekua.

Zer egin zenuten?

Pausan utzia genuen pixka bat gaia; berriz hartu dugu aurten, eta plantan eman elkarte batekin abiatzea. Helburua da euskararen presentzia eta erabilera handitzea; ez bakarrik ahozkoan, baita beste arlo formalagoetan ere, hala nola idatzian. Lehen ideia izan da materiala sortzea euskaraz; adibidez, kontsultetan pazienteentzat erabiltzen ditugun informazio fitxa guziak frantsesez dira; horien euskaratzea izan da lehen ideia.

Ahozkoan, “paziente euskaldunen artatzeen hobetzeko, hizkuntzak osasun harremanean duen inportantzia” azpimarratu duzue.

Hori sentitzen dugu intuizioz: euskaraz ari garelarik euskaldun bati, komunikazioa sanoa eta ona dela. Hori frogatua da, eta kongresuan ikusi genuen badirela azterketak horri buruz; Galesen sustut: nola pertsona baten ama hizkuntzan edo berak nahiago duen hizkuntzan komunikatzean osasun arreta hobetzen den. Nik sentitu izan dut hori larrialdietan aritu naizenean: heldu delarik euskaldun bat gauzak desberdinki erraten ditu euskaraz, hobeki aditzen dira, eta bera ere espazio seguruago batean sentitzen da. Frogatua izateak indar handiagoa ematen du, erakusten baitu Iparraldean berdintasun eza badela gaur egun; euskaldunek ez dute beren hizkuntzan artatuak izateko eskubide hori, non ez diren kasualitatez mediku euskaldun batekin gertatzen. Hizkuntza zapalkuntzaren beste froga bat da.

Kontsultetan egiten dituzuen mediku agirietan euskara erabil dezakezue?

Bai. Bada hutsune bat, eta ez da ilegala idatzi horiek euskaraz egitea. Haatik, kontsulta bakoitza sartzen dugu ordenagailu programa batean, eta hor konplikatuago da. Erran nahi du ondoko profesionalak ez badaki euskara, ez duela ulertuko. Hori ez da legala, arriskuan ezartzen ahal baita pazientearen osagarria. Hegoaldean berdin da; nahiz eta ofizialtasuna izan denek espainolez idazten dute ordenagailuan, zer gerta ere. Aitzinatzen ari dira itzultzaile automatiko bat, baina horrek ere baditu mugak, ez baititu bultzatzen profesionalak euskara ikastera.

Medikuntzako euskal hiztegiari buruz, Hego Euskal Herrian egina denaz gain, balitzateke lan bat egiteko?

Egia da Hegoaldean anitz egin dela, baina ez da baitezpada beti egokitua Iparraldeari. Haatik, hitz zinez zientifikoak berdinak dira. Gero, sintomen deskribatzeko, egia da balitzatekeela lan bat egiteko. Kontsultak Donapaleun eta Baigorrin egiten nituelarik, hiztegi ttipi baten egiten hasi nintzen, ene aldetik. Gogoa dugu sendagileen artean sare bat muntatzeko eta hiztegi horren partekatzeko.

Belaunaldi berrian gero eta osagarri artatzaile euskaldun gehiago zarete Ipar Euskal Herrian?

Horretarik ere partitu da ideia. Ohartu ginen euskaldun andana bat ginela unibertsitatera Bordelera [Okzitania] joanak, eta, gero, itzultzean, ez genuela tresnarik horren aitzinerat eramateko. Helburua da euskarari presentzia handiagoa ematea, saretzea, trukea. Medikuntza eta osasun arloko praktikei buruzko gogoeta gune baten ukaitea ere bai, ikusteko nola aldatzen ahal diren gauzak Iparralde mailan. Egia erran, biziki irekia da, eta bakoitzaren arazo, xede eta ahalen arabera izanen da; egokituko ditugu helburuak eta tailerrak.

Hego Euskal Herriko Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin harremanean aritu nahi duzue?

Bai, bistan dena. Nahiz eta ez garen ber egoeran, eta politikoki eta osagarri sistemari dagokionez desberdina den, gauza anitzetan laguntzen ahal gaituzte. Helburua da partekatzea. Beti on baita dinamika berean den elkarte batekin harremana ukaitea eta elkar sustatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.