Natxo Knorr hil da gaur, Gasteizko Knorr Borras familia zabalak emaniko beste musikari eta ekintzaile bat. Gorka Knorr anaiarekin 40 urtez aritu zen pianoarekin musika egiten.
Gaztetan Alemanian lanean ibili ondoren, Euskal Herrira itzuli zen eta anaiarekin jotzen hasi zen, hasieran taldean, eta, gero, biak euren kabuz.
«Abilezia izugarria zuen pianoarekin», adierazi du Gorkak. Kanta baten segundo gutxi batzuk entzun, eta berehala pianoan jotzeko gai zela gogoratu du. Euskal Herrian zein nazioartean jotzen aritu dira biak, besteak beste Ameriketako Estatu Batuetan. Beste musikariri ere laguntzeko prest zegoela beti adierazi du. Azken bidaia luzea Argentinara egin zuen, duela bost urte, Urko eta Naia Robles Arangiz kantariekin.
Azken emanaldia joan zen irailaren 25ean egin zuen, Bartzelonako Model espetxean, Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiri eginiko omenaldian, erregimen frankistak fusilatu zitueneko 45. urteurrena gogoratzeko. Pianoarekin lagundu zion, beste behin ere, anaiari. «Ahulduta zegoen, baina ez genuen espero horren azkar joatea».
A la Model, on va passar la darrera nit amb vida, en l’homenatge a Txiki, als 45 anys del seu afusellament pel franquisme a Cerdanyola el 27/9/1975.
— xavier antich (@XavierAntich) September 25, 2020
Deure de memòria amb les víctimes de la repressió. Ahir i avui.
Veritat, justícia i reparació.#Txiki45
Canta @GorkaKBpic.twitter.com/Uq1NWcPI3i
Hainbat diskotan ere entzun daiteke haren pianoa, tartean Hegaldia (1985) eta Arimaren zubiak (2005) lanetan.
Anaiak bezala, politikagintzan ere egin zuen lan, lehenbizi Herri Batasunan, eta, gero, ERC alderdian. «Baina beti ibili zen oso suelto». Kataluniarekiko zeukan atxikimendua nabarmendu du anaiak, baina Euskal Herria ahaztu gabe. «Beti zegoen prest Palmako Euskal Etxean esku bat botatzeko».
Natxo Knorr, atzean, Gorka anaiarekin, 'Arimaren zubiak' diskoa Bilbon aurkeztu zutenean, 2006an.Luis Jauregialtzo / FOKU
Ipar Euskal Herriarekin lotura estua zuela adierazi du, eta lagun asko zituela Donibane Garazi aldean (Nafarroa Beherea). Izan ere, han hazi zituen Julen eta Beñat semeak. Biak izan ditu aldamenean azken unean. 75 urte zituen. «Nire kanta batekin joan da».
Gaur zendu da ene anaia Natxo. Bere bi semeak, Julen ta Beñat, alboan zituela. Nere kanta bat ipini diote partitzeko tenorean. Hainbat urte nere ondoan piano jotzen izan dudalarik, ezin ahantzi. Lekunberri ondoko Ibarneko Bordaren magaleko pagadietan pausatu ahalko da!
— Gorka Knörr. (@GorkaKB) June 4, 2021
Goian bego https://t.co/0Adp964NPP