GAL auzia

GAL argitzeko eskatu dute Madrilen, Gonzalez ikertzeko eskaera artxibatu ostean

Pili Zabalak B-Egiaz plataforma aurkeztu du Madrilen, Maria Jauregi, Juan Diego Botto eta Maria del Olmorekin. 120 pertsona ezagunek baino gehiagok babestu dute manifestu bat, eta sarean dago, atxikimendu gehiago biltzeko.

Pili Zabala eta gainerako kideak, Madrilen.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko ekainaren 4a
10:52
Entzun

GALen atzean dagoen «inpunitatea haustera» deitu du gaur Pili Zabalak Madrilen, Arte Ederren Zirkuluaren egoitzan egindako agerraldian. Juan Diego Botto aktore argentinarra, Maria Jauregi ETAk hildako Juan Maria Jauregiren eta Maixabel Lasa Patxi Lopezen Jaurlaritzaren biktimen arretarako zuzendariaren alaba, eta Maria Del Olmo Alacanteko artxibo historikoaren zuzendaria izan ditu alboan agerraldian.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak artxibatu egin du GALen atzean Felipe Gonzalez ote zegoen ikertzeko Zabalak egindako eskaera, eta horregatik atera da Zabala prentsaurrera. Martxoaren 9an iritsi zen Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara auzia ikertzeko eskaera, Zabalak Gipuzkoako fiskaltzan salaketa jarri ostean, eskumenik ezagatik Gipuzkoatik Auzitegi Nazionalera bidalita eskaera. Zabalak fiskaltzari eskatzen zion aztertzeko ea iker zitekeen Felipe Gonzalez, orduko Espainiako gobernuburua, GALen atentatuetan eta desagertze behartuetan eragiteagatik.

Horretarako, CIA AEBetako inteligentzia zerbitzuen 1984ko txosten bat gehitzen zuen, iazko ekainean zabaldutakoa, Felipe Gonzalezek «terroristei legetik kanpo aurre egiteko mertzenario talde bat sortzea adostu» zuela dioena, beste hainbat dokumenturekin batera.

Auzitegi Nazionalak preskribatutzat jo du auzia, eta artxiboa agindu du. GAL 1983tik 1987ra egon zen indarrean, estatu terrorismoarekin lotu zen, eta estatuak finantzatu zuela ere frogatu zen epaitegietan. 27 pertsona hil zituen. Lehen biktimak, 1983an, Joxean Lasa eta Joxi Zabala izan ziren, azken hori Pili Zabalaren anaia.

Auzitegi Nazionalak Gonzalez ikertzeko eskaera artxibatu ostean, Zabalak esan du ekinbide berriak aztertzen ari direla arlo juridikoan: «Egiak ez du inoiz preskribatzen, eta NBEk estatuak behartzen ditu egia argitzera, inpunitatea saihesteko».

120 atxikimendu

Jardunbide horretan ez zuela etsiko aurreratu zion BERRIAri, eta B-Egiaz plataforma sortu dutela iragarri zuen atzo, Madrilen. 120 pertsona ezagunek egin dute bat sorburuko manifestuarekin. Tartean Noam Chomsky pentsalaria, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Garbiñe Biurrun epailea, Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore Zibila Felipe Gonzalez presidente zen aroan, ETAko zenbait biktima, Itziar Bollain zinema zuzendaria, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleak, Itziar Ituño aktorea eta beste.

Manifestua, webgunean

Webgune bat aurkeztu dute: www.b-egiaz.org. Bertan GALi buruzko informazio osatua dago. Manifestu bat ere bai, atxikimendua eman nahi izanez gero. «Manifestu hau sinatzen dugunok eskatzen diegu erakunde publikoei GAL ikertu eta argi dezaten». Mezu nagusi hori jasotzen du B-Egiaz plataformak aurkeztutako manifestuak. «Ez da posible sekretu ofizialen legearen izenean giza eskubideen aurkako krimenak babestea», gehitzen du.

Uste dute badaudela nahikoa zantzu ikertzeko, besteak beste, CIAk desklasifikatutako dokumentuak, zeintzuetan agertzen den Felipe Gonzalez orduko Espainiako gobernuburuak «erabaki duela mertzenario talde bat sortzea, legetik kanpo aurre egiteko terroristei»; eta entzuketak, zeintzuetan CESIDeko goi kargudunak entzuten diren zehatz-mehatz azaltzen estatu krimen jakinak. «Ebidentzia horiek GALen sorreran, babesean eta finantzaketan estatuak esku hartze antolatua izan zuela pentsatzera garamatza», dio manifestuak.

Uste dute estatuak gutxi egin duela ikertzeko, eta, zerbait egin duenetan, «talde inkontrolatu ez-atxikiak» izan direla ebatzi dute, edo indultatuak izan dira. «Are gehiago, uste dugu zenbait sektoretatik oztopatu egin dela ikerketa, nazioarteko giza eskubideen itunak ez betez».

Artxiboek egiaren eta justiziaren mesedetara egon behar dutela gaineratzen dute. Eta uste dute badaudela zantzuak estatu terrorismoa baimendu zela pentsatzeko, «eta kontzeptualki, ez da bereizten beste talde terrorista antolatu batzuengandik».

«Eskubide urraketa hauek guztiek gure memoria demokratikoa baldintzatzen dute. Berriz idatzi behar da, eta lan nekeza geratzen zaigu», manifestuaren arabera. «Espainiako erakundeek giza eskubideen nazioarteko estandarrak beteko dituzte biktima guztiak aitortu eta erreparatzen dituztenean, salbuespenik gabe. Eta egia da biktima guztien irrika, zeina ez den sekula preskribatzen», dio amaieran testuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.