Urkulluk iragarri du ez duela beteko Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak atzo hartutako erabakia

«Gure ibilbide orria Bizi Berri Plana da», ohartarazi du lehendakariak. Espainiako Gobernua Jaurlaritzaren eskumenetan «esku sartzen» ari dela salatu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian. DAVID AGUILAR/ EFE
edurne begiristain
2021eko ekainaren 3a
10:51
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur goizean azpimarratu du ez duela bat egiten atzo Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseiluak hartutako erabakiarekin, eta iragarri du Jaurlaritzak bere bide orri propioari jarraituko diola. «Gure ibilbide orria Bizi Berri Plana da, adostua eta eraginkorra dena, eta ibilbide orri hau Espainiako Gobernuarekin partekatuta dago. Beraz, guk gure ibilbideari ekingo diogu», adierazi du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko atarian. Lehendakariaren ustez, atzo hartutako erabakiak «talka» egiten du Jaurlaritzaren eskumenekin: «Gure eskumenetan esku sartzen ari dira».

Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseiluak atzo arratsaldean egindako bileran agiri bat onartu zuen, eta, horren arabera, adibidez, gau klubetan ezingo diote jardunari berrekin 100.000 biztanleko 50 kasu baino gutxiago eduki arte. Hala, onartutako plan berriaren arabera, intzidentzia tasa metatua apala denean, gaueko aisialdirako lokalak 03:00ak arte egon ahalko dira irekita, eta tabernak eta jatetxeak 01:00era arte. Erabakia ez zuten aho batez hartu, hainbat erkidegotako gobernuek aurka egin baitzuten; Eusko Jaurlaritzak ez zuen parte hartu bileran, ezta bozketan ere, iritzita Labiren Aholku Batzordeak ezarritako neurriekin talka egiten duela. Gaur goizean, Urkulluk Jaurlaritzaren jarrera defendatu du, eta Espainiako Gobernuarena kritikatu. Salatu du Madrilek «adostasunik gabe» eta alde bakarrez hartu duela erabakia, eta horrek urratu egiten duela gobernantza partekatua. Harrituta azaldu da Espainiako Gobernuaren jarrerarekin, eta «ordena eta errespetua» eskatu ditu erkidegoetako gobernuentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.