Intzidentzia tasa 70etik 110era emendatu da Iparraldean, aste batez

Pirinio Atlantikoetako prefeturak kontrolak «indartuko» dituela erran du.

Baionako PCR proba gunea, iragan udan. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko ekainaren 2a
18:06
Entzun

Luzaz Frantziako Estatuko datu apalenak izan dira Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Azken astean, ordea, intzidentzia tasa azkarki emendatu da: 70etik 110era, hots, %57. Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak erran du «datu kezkagarria» dela, eta «adi egonen» dela ondoko egunetako bilakaerarekin. Azken egunotan, Pirinio Atlantikoetako prefeturak PCR probak egiteko eta txertoak emateko baliabide gehiago jarri ditu Zuberoan, intzidentzia tasa 450era iritsi baita lurralde horretan. Eskualdeko Osasun Agentziako departamendu buru Maritxu Blanzacok prentsan esplikatu du «beste departamenduetan baino PCR proba gehiago» egiten direla Ipar Euskal Herrian eta Biarnon, eta, uste du «partez» horrek esplikatzen duela intzidentzia tasa handia, «gehiago xerkatzen delarik, gehiago atzematen baita».

Neurrien arintzeen bigarren fasean sartu da Ipar Euskal Herria, maiatzaren 19tik. Terrazak berriz zabaldu dituzte, eta etxeratze agindua 21:00etara gibelatu. Neurriak «betetzen» direla egiaztatzeko, Eric Spitz prefetak erran du kontrolak «indartuko» dituztela, egoera epidemiologikoa «ez okertze aldera». Ontsalaz, ekainaren 9an hastekoa da hirugarren fasea: edukierak handituko dituzte orduan, eta tabernen barnealdeak ireki. Etxeratze agindua 23:00etara gibelatuko dute, bestalde. Halere, Frantziako Gobernuak neurri murriztaileagoak ezartzeko eskumena du egoera «kezkagarria» duten lurraldeetan, nahiz eta oraindik ez duen halakorik egin, neurrien arintzea hasi denetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.