Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak gaur jakinarazi dute Osakidetza aurki hasiko diela COVID-19aren aurkako txertoa jartzen bizileku baimenik ez duten migratzaileei, eta baita etxerik ez dutenei edo hainbat arrazoi direla medio Gizarte Segurantzan alta emanda ez daudenei ere. Osakidetzaren webgunean propio sortutako atal batean edo telefonoz SMS bat jaso ondoren izango dute aukera ordua hartzeko. Quintasek azaldu duenez, aterpetxeetan ez dauden migranteen eta osasun txartelik edo sakelakorik ez dutenen kasuetan, osasun zentroak arduratuko dira haiekin harremanetan jartzeaz.
Quintasek jakinarazi du honezkero hasiak direla txertaketa ekipamenduak aterpetxe, jantoki edo antzekoetara eramaten, prozesua errazteko. «Orain, egoera bereziki ahulean dagoen kolektibo osoarengana iristea da helburua», azaldu du Sagarduik. Nabarmendu dute egoera irregularrean dauden migranteek ez dutela arazorik izango txertatu nahi izanez gero, ez baita «inolako kontrol polizialik» egongo.