Hogei urteren ondoren, Nafarroak eskumen bat gehiago izango du. Abuztuaren 1etik aurrera, gainerako herritarren modura, Osasunbideak osasun arreta eskaini ahalko die Iruñeko espetxean diren presoei. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzetan, autogobernuan aurrera egiteko balioko du. Haren esanetan, Nafarroak presoei zerbitzurik hoberena eskaintzeko «konpromisoarekin» hartu du bere gain eskumena, eta, urrats horren bidez, administrazioaren kudeaketan «heldutasuna» adierazten duela uste du.
Izan ere, 2003tik, erkidegoek eskumen hori izateko aukera zuten. baina orain arte soilik EAEk eta Kataluniak eskaini dute zerbitzu hori euren lurraldetako kartzeletan. Orain, Nafarroa batuko zaie. Berriki, hain zuzen ere, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuten EAEk bere gain har dezan espetxeetako eskumen osoa, urriaren 1etik aurrera.
Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroaren arabera, albiste pozgarria da espetxeetako osasun arreta ez delako nabarmengarria baina bai gai sentikor bezain garrantzitsua: «Adierazten du Nafarroak osasun arreta osoa eskaintzen duela eta ez dela zerbitzu hori espetxeen atarian geratzen». Icetak gaineratu du borondatea dagoenean, akordioa lortzea ez dela oztopo: «Madrilen adierazi zidan Txibitek eskumen hori nahi zuela, eta lehenbailehen, gainera. Hori ikusirik, lan egitea beste erremediorik ez duzu lotsagorri ez zaitzaten»
Akordioaren nondik norakoak aurretik zehaztuta zeuden. Espainiak bere aurrekontu orokorretan 131 milioi euro bideratzen ditu kartzeletako osasun arreta finantzatzera, eta kostu horren %1,6 (2,1 milioi euro, alegia) kendu egingo zaio urteroko ekarpenetik; hots, Nafarroak estatuari bere gain hartuko gabeko eskumenengatik ordaindu beharreko dirutik. Osasun arreta hori ematen duten profesionalen ordainsaria ere egokitu egin beharko da, Osasunbidearen baldintzetara.
Urte amaierarako, trafikoa
2001eko otsailean bildu zen azken aldiz Transferentzien Batzorde Mistoa, eta Icetari datu hori deigarria egin zaio. Lehenik, gogorarazi du bi erakundeetan kolore politiko askotako gobernuak iragan direla eta, hortaz, ez dela errua batzuei edo besteei botatzeko unea. Dena den, kritikatu du ez litzatekeela halakorik gertatu behar. Hurrengo eskumena trafiko eskumena izango da.
Hain zuzen ere, 2018ko urriaren 31n, Uxue Barkosek eta Pedro Sanchezek trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa hartu zuten. Sanchezek 2019ko maiatzerako prozesua burutzeko asmoa adierazi bazuen ere, eskumenaren transferentzia atzeratuz joan da. Orain, Icetak konpromisoa hartu du urte amaierarako eskualdaketa egiteko. Martxoaren 10ean, Madrilek bere azken planteamendua egin zuen, eta, orain, Nafarroa proposamena aztertzen ari da.
Negoziazioaren korapiloetako bat zerbitzuaren finantzaketaren balorazioa da. Bestea da zer gertatuko den egun trafiko arloan diren guardia zibilekin. Icetaren arabera, egun Nafarroan 1.600 guardia zibil daude, eta, eskumena hartzen denean, kopurua ez da aldatuko. Gaineratu du hala nahi dutenek Foruzaingoan sartzeko aukera izango dutela, «Nafarroak etorkizun hurbilean trafiko kontrola hartzeak ez du esan nahi Nafarroan Guardia Zibila desagertuko dela», azaldu du eskuineko alderdien mezuei erreferentzia eginez.
Negoziatzen ari diren beste eskumenetako bat da bizitzeko gutxieneko diru sarreren errentaren gainekoa. Espainian iaz onartu zen errege dekretu bidez, baina Icetak gogorarazi du «figura berria» denez denbora gehiago eskatuko duela. Hegoaldeko bi gobernuak eskumen horren transferentzia negoziatzen ari dira. Espainiako Gobernuak maiatzaren 21ean egin zuen bere azken proposamena, baina, kasu horretan, ikuspegiak urrunago daude, eta ez du datarik jarri nahi izan transferentziari buruz.
Txibiteren diskurtsoa
Txibitek azpimarratu du akordioak autogobernuan sakontzeko balioko duela, baina gaineratu du hori halaber Espainiarekiko «leialtasunez eta kohesioz» egiten dela. Haren esanetan, eskumenen transferentzia ez da soilik legedi arloko kontua, baizik eta erkidegoetako gobernuak «ahalduntzen» dituela.
Halaber, argudiatu du elkarrizketa beti bi gobernuen arteko errespetu giroan garatu dela. «Testuinguru politiko ona da Nafarroak aurrera egin dezan,erakuts dezagun gure kudeaketa ahalmena eta politika publikoetan lidergoa,baina ez bazterketan eta konfrontazioan oinarrituta,baizik eta administrazioen arteko elkar ulertzean eta errespetuan». Haren irudiko, pandemiak utzitako irakaspenen artean dago; administrazioen artean konfiantza eta elkar ulertzea nagusituz gero «hobeto» erantzuten zaie.