Ingurumena

Munduko lehen arrano arrantzale albinoa Urdaibain jaio da

Hark bizirik irautea «erronka handia» izango dela adierazi dute Urdaibai Bird Centerreko arduradunek. Arrano arrantzalea desagertutako espezie bat zen Euskal Herrian, eta joan den asteburuan jaio ziren lehen bi kumeak.

Gaur jaio den arrano arrantzale albinoa, kabian. URDAIBAI BIRD CENTER
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 2a
14:21
Entzun

«Naturak berriz txunditu gaitu». Hala adierazi dute Urdaibai Bird Centerreko arduradunek gaur; izan ere, ezagutzen den munduko lehen arrano arrantzale albinoa Euskal Herrian jaio da. Joan den asteburuan ere albiste izan ziren Urdaibaiko biosfera erreserban (Bizkaia) hainbat urte eta gero jaio ziren bi arrano arrantzale. Aspaldidanik, espezie hori desagertuta zegoen Euskal Herrian. 

Orduan eman zuten abisua Urdaibai Bird Centerreko arduradunek, eta asmatu ere egin dute: hurrengo egunetan beste kume bat jaiotzea espero zuten, eta gaur arrano arrantzale albino bat jaio da Urdaibain. Hegaztien zentroak argi utzi du arrano arrantzale bikote batek Urdaibain kabia egin eta arrautzak uztea mugarri bat dela, baina are garrantzitsuagoa dela esan dute bi arrazoirengatik: batetik, hiru arrautza jarri zituelako (ohikoena bi jartzea izaten da), eta, bestetik, gaur jaio den txita erabat zuria delako.

Kezka ere adierazi dute, ordea. Izan ere, arrano arrantzale albino batek bizirik irautea «erronka handia» da: «Basa faunaz ari garela argi izan behar dugu, eta etorkizuna latza izan daitekelakoan gaude». Gehitu dute Urdaibai Bird Centerretik egin dezaketen gauza bakarra dela «naturari bere bidea egiten uztea».

Desagertutako espeziea

Arrano arrantzalea Euskal Herrian desagertuta zegoen espezie bat da. Haiek berreskuratzeko asmoarekin, 2013an askatu zuten kumeen guraso izan den arranoetako bat, Roy izenekoa. Haren bikotekidea, berriz, Orxeko (Akitania) erreserba naturalean egindako suspertze proiektukoa da. Bikotea joan den urtean egonkortu zen.

Lehen abisua apirilean eman zuten Bird Centerreko arduradunek: arrano arrantzale bikote horrek habia egin zuen Urdaibain, eta handik egun gutxira jarri zuten lehen arrautza han. Ohikoa da bikote hori udaberrian Urdaibain egotea.

Arrano arrantzaleak zuzenean ikus daitezke hegaztien zentroaren Youtubeko kanalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.