Israel

Isaac Herzog izango da Israelgo presidente berria

Gobernu proposamen bat aurkezteko epea gaur gauerdian amaituko zaio Lapidi.

Isaac Herzog, Jerusalemgo Erosten Harresian, atzo. ABIR SULTAN / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 2a
12:43
Entzun

Hilabete inguru geratzen zaio oraindik Reuven Rivlini Israelgo presidente karguan, baina Knessetak jada aukeratu du haren ondorengo izango dena. Alderdi Laboristako lider ohi Isaac Herzogek irabazi du goizean eginiko bozketa, Miriam Peretz hautagaiak baino 61 boto gehiago lortuta. Herzogek uztailaren 9an hartuko du kargua, zazpi urteko agintaldiari hasiera emateko.

Chaim Herzog presidente ohiaren semea eta Abba Eban Atzerri ministro ohiaren iloba da, eta hainbat kargu politiko izan ditu azken urteetan. 2005etik 2011ra bitartean hainbat ministerio gidatu zituen, Ariel Sharon, Ehud Olmert eta Benjamin Netanyahu lehen ministroen agintaldietan. Netanyahuk laboristak gobernutik kanpo uztearekin, oposizioko buru bilakatu zen, 2018ra arte. Parlamentua utzita, Israelerako Juduen Agentziako presidente izan da azken urteetan. Erakunde publiko hori Israelerako bidea hartzen duten migratzaile juduen iritsieraz arduratzen da.

Israelen presidenteak ez du botere legegilerik, lehen ministroaren eta haren gobernuaren esku baitago hori. Halere, karguak garrantzia berezia hartu du azken bi urteetan, presidentearen ardura baita gobernua eratzeko mandatua hautagai aproposenari ematea. Lau hauteskunde egin dituzte epe horretan, eta denetan jarduneko lehen ministro Benjamin Netanyahuren esku utzi zuen prozesua Rivlinek. Azken hauetan, ordea, hark huts egitearekin, oposizioko buru Yair Lapidi pasatu zion ardura.

Gauzak hala, Lapidek gauerdira arteko epea du Rivlini proposamen bat aurkezteko. Haren Yesh Atid alderdiak egungo Defentsa ministro Benny Gantzen Urdina eta Zuriarekin akordio bat itxi du bart, baina oraindik ere Zerrenda Arabiar Batua alderdi arabiarraren, Itxaropen Berria eskuindarraren, eta eskuin muturreko Yaminaren babesa ere beharko luke. Koalizio heterogeneoa oso, helburu bakartzat Netanyahuren hamabi urteko agintaldia amaitzea duena.

Nahi, baina ezin

Lapid gobernura iristeko aukerak nabarmen areagotu ziren asteburuan, Yaminako lider Naftali Bennettek adierazi ostean hura babesteko prest zegoela. Bi alderdiek hitz egindakoaren arabera, gobernuaren lehen bi urteetan Bennett izango litzateke lehen ministroa, eta ondorengo bietan Lapid. Halere, negoziazioak pausatu egin dira azken egunetan. Kan irrati katearen arabera, Yaminako kide Ayelet Shakedek, Justizia ministro izandakoak, Merav Michaeli laboristaren kargua nahiko luke Izendapen Judizialen Batzordean.

Gaur gauerako akordiorik erdiesten ez badute, gobernuaren eraketa Knessetaren esku geratuko litzateke, eta parlamentari guztiek izango lukete negoziazioak sustatzeko aukera, tartean Netanyahuk. Hiru asteren ostean, adostasunik ez balego, hauteskundeetarako deia egin beharko luke presidenteak, bosgarrenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.