OME Osasunaren Mundu Erakundeak proposamen bat jarri du mahai gainean, COVID-19aren lau mutazio arriskutsuenak izendatzeko: grezierazko alfabetoko lehen lau letrak erabiltzea proposatu die nazioarteko agintari eta komunikabideei. Izan ere, aldaera horiek izen zientifikoak badituzte ere, izen horiek elkarren artean antzerakoak eta nahasgarriak direla ohartarazi du erakundeak, eta azpimarratu du biztanleek zailtasunak dituztela horiek oroitzeko. Horregatik, mutazio horiei izena emateko era orokortuena beren jatorrizko herrialdearena hartzea izan da. Horrek herrialde horiekiko «estigmatizazioa» sor dezakeela ohartarazi du OMEk, baita desinformazioa ere.
Hori horrela, erakundeak gomendio hau plazaratu du: B 1.17 edo «aldaera britainiarra» deitua Alfa izango da; B.1.351 edo «hegoafrikarra», Beta; P.1 edo «brasildarra», Gamma, eta B.1.617.2 edo «indiarra», Delta.
Erakundeak plazaratutako komunikatuan azaldu du nazioarteko zenbait aditurekin elkarlanean aritu dela izen horiek erabakitzeko orduan, eta hainbat izendatze sistema aztertu ditu, aldaera horientzako izenik aproposenak aukeratu ahal izateko. Dena den, azpimarratu du proposatutako izen horiek komunikazioa errazte aldera erabili beharko direla; inolaz ere ez ikerketetan. Izan ere, azaldu dute aldaerek beren izen zientifikoa mantendu behar dutela, izenak berak informazio zientifiko garrantzitsua baitarama, aldaeraren leinuaren nondik norakoak argitzeko.