MEMORIA

Biktimen Oroimenezkoaren ikuspegia arbuiatu dute inauguratze ekitaldiaren kanpoaldean

Sortuk kritikatu du memoria «partziala» osatuko duela, eta Ahal Dugu-k, «gabeziak» dauzkala.

jon olano
2021eko ekainaren 1a
12:05
Entzun

Gaur inauguratuko dute Biktimen Oroimenezko Zentroa Gasteizen, eta haren ikuspegiarekin modu kritikoan mintzatu dira zenbait eragile politiko eta talde memorialista. Memoria Osoa egitasmoak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian, zentroa «bizikidetzaren aurkako erasotzat» jota.

Ohar batean, Sortuk adierazi du zentroak ez dituela «Euskal Herrian gertatutako indarkeria mota ezberdinen ondorioak bere osotasunean jasotzen, era partzialean baizik», eta «bete-betean Euskal Herrian eraiki nahi den elkarbizitza demokratikorako esparruaren aurkako tresna» bilakatuko dela.

Sorturen hitzetan, zentroa «iraganaren zauria irekita iraunarazteko bitartekoa besterik» ez da: «Ez da euskal jendarteak behar eta nahi duena etorkizun berri bat eraikitze aldera; izan ere, etorkizuna ezin baita ireki iraganak utzitako guztiaren egia, aitortza, justizia eta erreparaziorik gabe». Azken batean, alderdiak uste du oroinenezkoak «Euskal Herrian gertatutako indarkeriazko errealitatearen atal bat bakarrik» jaso duela eta berau «osotasuna balitz bezala proiektatu» nahi duela: «Memoriala interes politiko zehatzen baitan eraiki da, eta atzean daudenek ez dute inolako borondaterik Euskal Herrian gatazka politikoari eta haren ondorioei irtenbide demokratikoa emateko».

Sortuk uste du Gasteizko zentroak «ikuspegi partziala» emango duela eta «ondorioen errealitate oso garrantzitsua ahanzturara kondenatu» nahi duela: «Euskal jendarteak ez du manipulazio partzialik behar. Bestelako ikuspegiaz eraiki behar dugu elkarbizitza demokratikoa». Alde horretatik, gertatu diren «giza eskubideen urraketa guztiak jasoko lituzkeen memoria integral baten alde» agertu da. Atzo, EH Bilduk ere kritika egin zion egitasmoari.

Bestalde, Ahal Dugu-k eskatu du «giza eskubideen urraketen ondorioz jasandako sufrimenduari buruzko memoria kolektibo eta partekatua» osatzeko, eta arbuiatu du zentroak «gabezia garrantzitsu batzuk» dituela: «Motibazio politikoko polizia abusuak jasandako biktimek leku bat izan beharko lukete bizi izandako sufrimenduaren memoria kolektibo bat eraikitzen laguntzeko».

Hori ikusita, Podemos Ahal Dugu-k adierazi du biktima horiek gogoan dituela, eta babesa erakutsi nahi die terrorismoaren biktima guztiei: «Haiek aitortu, lagundu eta haien sufrimenduan erreparatzeko betebehar morala baitugu». Esan du zentroaren inaugurazioa «beste urrats bat» dela «ETAren biktimen aintzatespena erakusteko». Haatik, gabeziak ere nabarmendu ditu, oroimenezkoan ez baitira jasotzen 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakariak: «Memoria partekatu baterantz jo behar dugu (ez da memoria bakarra), gizartea gertakarien ulermenean lotuko duena eta Euskadin pertsona askok pentsatu, sufritu eta bizi izan zutena jakitea ahalbidetuko duena», adierazi du Miguel Angel Navarro Giza Eskubideen arloko arduradunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.