Espainiako Ministro Kontseiluak Memoriaren Legearen aurreproiektua onartu zuen irailean, besteak beste, frankismo garaiko epaiketak baliogabetzea eta desagertutako herritarren bilaketa lanak estatuaren ardura izatea proposatzeko. Atzo, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) lege aurreproiektuaren puntu nagusienetako bat zalantzan jarri berri zuen: frankismoaren apologia egiten duten fundazioak legez kanpo uztea bilatzen duena, alegia.
CGPJren bi batzordekidek Memoria Legeari buruzko txostenaren zirriborroa aurkeztu dute, eta idatzi horren arabera, «biktimen gutxiespenaren edo umiliazioaren baldintza gehigarririk gabe, frankismoaren apologia adierazpen askatasunak babesten dituen ideien adierazpena da, Konstituzioak aldarrikatutako balioen kontrakoak izan arren». Zirriborroa datorren asteleheneko batzordean eztabaidatuko du Botere Judizialak, baina bere irizpena ez da loteslea izango gobernuarentzat.
Botere Judizialeko kideek ondorioztatu dute legearen aurreproiektuak frankismoaren garaiko biktimen duintasuna modu «asimetrikoan» zaintzeko arriskua dakarrela. Haien ustez, memoria demokratikoaren aurkako ekintzen inguruko gogoetak Europako Parlamentuak 2019an proposatutako pautari jarraitu beharko lioke, «erregimen faxista eta estalinisten, zein iraganeko beste erregmen totalitario eta autoritarioren krimenak arbuiatuko dituen memoria historikoaren kultura komun batekin».
Halaber, Memoriaren Legeak frankismoaren aldeko fundazioak ixteko proposatzen duen irizpidea –horiek interes orokorreko helbururik ez izatea edo haren kontrako jarduerak egitea– «zehaztasun faltagatik» ezabatu egin beharko litzatekeela adierazi dute, fundazio baten iraungipena eskatuko lukeenari eta ebazpena eman beharko lukeen epaileari «baloratze tarte oso zabala» utziko liekeelako.
Gainera, CGPJko kideek zalantzan jarri dute frankismoaren gorespenerako egitasmoak baimentzen dituzten administrazioak zigortzea ere, biltzeko eskubidea babesteko beharra azpimarratuz. Hain zuzen, gogoratu dute, konstituzioaren arabera, «bilera baten izaera baketsua ez dela aldatzen bertan beste pertsona edo kolektibo batzuk mindu edo gogaitu ditzaketen ideiak edo helburuak adierazi eta jarraitzen badira».