BAKEGINTZA

Konponbide «fase integral batean» sartzeko baldintzak nabari ditu Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorra EPPK-ko ordezkariekin bildu da Logroñon. Espetxe politikaren aldaketaren lehen fasearen balantzea dokumentua landu du foroak.

Agus Hernan, Logroñoko espetxe kanpoaldean. FORO SOZIAL IRAUNKORRA
jon olano
2021eko maiatzaren 31
11:16
Entzun

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria Ainhoa Mujika eta Jon Olarra Euskal Preso Politikoen Kolektiboko zuzendaritzako kideekin batzartu zen atzo Logroñoko espetxean, espetxe politikan izan diren aldaketen inguruko balantze bat egiteko. Balantze hori txosten batean jaso du Foro Sozialak, eta EPPK-ko zuzendaritzako kideei helarazi die. Besteak beste, pozik agertu da bi ideia «gakoren» inguruan adostasuna zabaldu dela uste duelako.

Lehen ideia da presoen auzia konpontzea «elkarbizitza demokratikorako ekarpena» izango litzatekeela, eta, bigarrena, auzia ez dela «biktimak ala presoak, baizik eta biktimak eta presoak». «Foro Sozial Iraunkorra sortu zenetik bi ideia horien gainean aritu izan da lanean, eta ikusi du auzia ebazteko erantzukizuna duten sektoreak bustiz joan direla ideiok, zirimiriaren gisara», erantsi duenez.

Gainera, Foro Sozial Iraunkorrak EPPKri helarazi dio «gehiengo eta adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial transbertsal nahikoak» existitzen direla «gai horiek konpontzeko behin betiko fase integral batean» sar daitezen: «Uste osoa dugu jasan dugunagatik –jasaten ari garenagatik– metaketa bat sortzen ari garela, eta horrek gizarte hobea eraikitzen lagunduko digula».

Hala ere, zailtasunak ere aurreikusten ditu foroak: Nahiz eta, Foro Sozial Iraunkorraren praktikan ohikoa den moduan, analisi honek akordioak eta adostasunak balioesten dituen, ez gara sineskorrak. Badakigu zer arrisku eta zer oztopo sor daitezkeen gai honi behin betiko konponbidea eman aurretik».

Halaber, espero dute «gizarte kohesiorako hain garrantzitsua» den gai horri «etekin politikoa ateratzeko tentazio oro ezabatzea», eta konpromiso «irmoa» adierazi dute «diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen, oztopoak adierazten, gomendioak egiten eta errazte lanak egiten jarraitzeko, beti zaila den testuinguru batean, gai honi irtenbide berritzaileak aurkitzen lagunduko duelakoan».

Foro Sozialak uste du datorren udarako preso guztiak edo ia guztiak Euskal Herriaren inguruko espetxeetan egongo direla, bigarren graduan, eta nabarmendu du orain arteko aurrerapenak «testuinguru zail batean» eman direla, «COVID-19 pandemiaren erdian eta zenbait sektore politikok eta judizialek, zenbait komunikabidek eta ETAren biktima elkarteak osatzen duten oposizioa –lobbya– aurrez aurre edukita». Foroak gaineratu du espetxe politika aldatzea posible izan dela, «funtsean, inplikatutako aldeen borondate politikoari esker, baina urteetan zehar esparru instituzional, politiko, sindikal eta sozialean eraikitako adostasunak aurretiko bultzada emana zuen».

Hernan 2020ko urriaren 30ean batzartu zen azkenekoz Olarra eta Mujikarekin; orduan, Alboloteko presondegian. Orduan, EPPK-k prestasuna azaldu zuen «espetxe politikaren diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.