Giza Eskubideak

«Indarkeriak kaltetutako bizikidetza» hobetu nahi du Jaurlaritzak datozen urteetan

Udaberri 2024 izeneko plana aurkeztu du, bizikidetza, giza eskubideak eta aniztasuna sustatu nahi dituena

Jose Antonio Rodriguez Ranz, Beatriz Artolazabal eta Aintzane Ezenarro. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko maiatzaren 28a
11:55
Entzun

Hainbat urte iraun duen indarkeria ziklo luze baten ostean, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean uste dute «bizikidetza hobe eta aberatsago bat» lortzea izan behar dela helburu nagusietako bat, betiere giza eskubideak oinarri hartuta eta bere burua askotarikotzat jotzen duen gizarte batean. Horregatik, prestatu duten plan berriaren zirriborroan, bizikidetza, giza eskubideak eta aniztasuna dira ardatzak. Udaberri 2024 da planari jarri dioten izenburua, eta Jaurlaritzak irailerako onartu nahi du, eragileen ekarpenak jaso ostean.

Esan daiteke Udaberri 2024 plana 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planaren eta 2017-2020rako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren jarraipena dela. Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi zelarik onartu ziren horiek. Oraingoaren zirriborroan nabarmentzen da ETAren amaierak «agertoki berria» ireki duela eta datozen urteetarako erronka «bizikidetza desberdinen artean eraikitzea» dela.

Orain arte bezala, biktimei garrantzi handia eman nahi diete bizikidetza sustatzeko politiketan: «biktima guztiak, parekatzerik, konpentsaziorik eta bazterketarik gabe», txostenean agertzen den bezala. «Terrorismoaren biktimen» zein «motibazio politikoko indarkeriaren biktimen» aitortzan urratsak egitea da helburua.

«Iraganari buruzko gogoeta autokritikoa» sustatzea ere xede gisa agertzen da txostenean. Horretarako, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartu nahi dute. Litekeena da Irailean iristea daiteke hori.

Txostenaren arabera, espetxe politika ere «normalizatu» egin behar da bizikidetza sustatuko bada. Sailean uste dute espetxe erakundeen funtzionamenduari buruzko eskumena Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara igaro izanak lagun dezakeela «bakea sendotu eta bizikidetzan aurrera egiteko», planean horren inguruko xehetasunik egin ez duten arren.

Presoak askatzen dituztenean herrietan egin ohi zaizkien harrera ekitaldien inguruan, horrelakoak ez egitearen alde egiten da txostenean, «indarkeriaren kultura politikoaren goratze sinbolikoa eta biktimak berriro biktima bilakatzea» direlakoan.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak oso positibotzat jotzen ditu zenbait herritan askotariko eragileen arteko elkarrizketa eta harremanak sustatzeko egin diren esperientziak. Asmoa litzateke herrietan egindako ahalegin hori datozen urteetan maila zabalagoetara eramatea, eta «bizikidetzaren kulturarako bide ematen duten ekinbide eta topaketarako guneak sustatzea».

Giza eskubideak

Giza eskubideen alorrean, txostenean egiten den analisia argia da: nazioartean jotzen duten haizeek, pandemia egoerak eta abarrek adierazten dute ez direla garairik onenak giza eskubideentzat, baina hori «Euskadirentzat aukera aparta» izan daiteke «eskubide horiek babesteko, indartzeko eta bermatzeko».

Bide horretan, garatzen diren politika guztiei «giza eskubideen ikuspegia» ematea, eta bi urtean behingo txostenen bidez egoera etengabe ebaluatzea proposatzen da planean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.