Eusko Jaurlaritzak Ernairen ustezko gorroto delituak ikertzeko egindako eskaeraren harira, agerraldia egin du gazte antolakundeak gaur goizean Donostian. Adierazi du gorroto delitua kolektibo zaurgarrienak babesteko tresna juridiko bat dela eta «gazteak, langileak, migratzaileak borraz jipoitzen dituen Ertzaintza» ez dela kolektibo zaurgarria. Bestalde, «Poliziaren gaineko kontrola eta birpentsatzea» edozein herri demokratikok sustatu beharko lukeena dela aldarrikatu dute, eta, hain zuzen ere, hori egitea ez dela «inolaz ere» gorroto delitua.
Asteon jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak fiskaltzari igorri dizkiola Ernairen izenean agertu diren pintaketak, kartelak eta mezuak, Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua izan ote diren iker dezan. Lehen aldiz eraman du gorroto delitua fiskaltzara Urkulluren gobernuak, eta Arabako Fiskaltzak atzo eman zuen ikerketa abiatzeko erabakiaren berri. Gazte erakundeak azaldu du «sinestezina» dela gorroto delitua gazte erakundearen aurka egiteko erabiltzea.
Gehitu dute EAJri ez zaiola interesatzen gazteen «larrialdi egoera» salatzeko egindako lana. Are gehiago, enplegu duinak, emantzipaziorako neurriak eta kalte psikologikoetarako baliabide publikoak aldarrikatu dituztenean gazteak jipoitu eta kriminalizatu dituztela salatu dute. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak eta komunikabide handiek egindako «kriminalizazio kanpaina» salatu dute, eta, erakundeari buruz hitz egin badute ere, «komunikabideek eta batez ere komunikabide publikoek» beraiei ahotsik eman ez izana «eskandalu hutsa» dela adierazi dute.
Dena den, ustezko gorroto delituaren aurka abiatutako eskaerak EAJren «ahuldadea» erakusten duela uste du gazte erakundeak. Gobernuari «kudeaketa onaren domina» erori zaiola, eta gogora ekarri dituzte azken egunetan AHTaren obretan izandako bi langileen istripua eta Bidasoko uretan hildako migratzailea. Baita Iñigo Cabacasen hilketaren erantzuleak nor diren oraindik argitzeke dagoela ere. Horietatik atentzioa desbideratzeko aitzakia Ernai dela uste dute, baina eraldaketa eta burujabetza aldarrikatzen jarraituko dutela azaldu dute, eta gazte erakundea «seinalatzeari eta kalumniatzeari» uzteko eskatu diote Jaurlaritzari.