Kultur jarduerak egiteko neurriak arinduko dituzte Nafarroan

Edukierarekin eta ordutegiekin lotutako neurriak dira, eta gaur sartuko dira indarrean.

arantxa iraola
2021eko maiatzaren 27a
11:17
Entzun

Nafarroako Gobernuko osasun agintariek bilera bat egin dute kultur sektoreko eragileekin, eta hainbat neurri samurtzea erabaki dute: gehienez erabiltzen ahalko den edukiera handiagoa izanen da bihartik, eta ordubete atzeratuko da itxiera ordua: 23:00ak arte izaten ahalko dira zabalik. Neurriak gaur ezarri dira, eta ekainaren 3ra arte izanen dira indarrean, printzipioz.

Zehazki, foru gobernuak ohar batean adierazi duenez, zinemetako, antzokietako, auditoriumetako eta antzekoetako jardueren gehienezko edukiera %60ekoa izanen da; gehienez 300 pertsona egongo dira barruan. Orain arte, gobernuak %50ean zuen ezarria edukieraren muga, eta 200 pertsona elkar zitezkeen gehienez. Aire zabalean egindako jarduerei dagokienez, gobernuak 400dik 600ra handitu du baimendutako edukiera.

Ordutegiak ere zabaldu eginen dira. Izan ere, gobernuak atzo iragarri zuen ordubete atzeratuko zuela ostalaritza lokalen barrena ixteko ordua, 22:00etatik 23:00etara, alegia. Hain zuzen ere, urrats bera egin dute kultur jarduerei dagokienez ere; gune horiek 23:00etan ixtea ere erabaki dute.

Santos Indurain Osasun kontseilariak nabarmendu du kulturak udan garrantzi berezia izango duela, eta, arloa arautzeko irizpideak argituta, bidea eman nahi dute jarduera horiek sustatzeko. Foru arau batean zehaztu zituzten horiek guztiak, atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.