Gaur goizean aurkeztu dute Gasteizen UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen Ikergazte kongresuaren hirugarren aldia. Nazioarteko ikerketa euskaraz egitea sustatzen du Ikergaztek, eta Gasteizko Europa Jauregian eginen dute ekainaren 9tik 11ra. 150 artikulu zientifiko aurkeztuko dituzte, eta ia 200 ikertzaile gaztek parte hartuko dute bertan. Ikertzaile gazteen proiektuez gain, nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai inguruak eta ekintza ludikoak izanen dira kongresuan. Ortziralean bukatuko da izena emateko epea.
Inoiz baino ekarpen gehiago jaso dituzte kongresuan, 163 denera, eta gainbegiratze prozesua gainditu duten 150 lan aurkeztuko dituzte: 58 ahozko aurkezpen eta 92 poster. Giza zientzien eta artearen ingurukoak dira hemezortzi lan, gizarte zientzien eta zuzenbidearen ingurukoak 39, zientzia zehatzen eta natur zientzien ingurukoak 42, ingeniaritzaren eta arkitekturaren ingurukoak 24, eta osasun zientzien ingurukoak 27.
EHUko ikertzaileak dira kongresuan parte hartuko duten ikertzaile gehienak, baina Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Deustuko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileek ere parte hartuko dute. Gainera, horiez gain, atzerriko hainbat unibertsitatetik etorritako ikertzaileak ere izanen dira: Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoak, Bordeleko Unibertsitatekoak, University of Illinois at Urbana-Chamapaign-ekoak, Vic-eko Unibertsitatekoak eta Granadako Unibertsitatekoak.
Jakintza alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaio kongresuaren azken egunean, Gasteizko Udalaren eskutik. Halaber, Udalbiltzak Euskal Herriko garapenean eraginik handiena izango duen ikerketari bertze sari bat emanen dio.
Zientzia euskaraz egiteko beharra
Zientzia euskaraz egiteak duen balioa aldarrikatu dute gaurko aurkezpenean Iñaki Gurtubaik Gasteizko Udaleko alkateorde eta Euskara zinegotziak eta Lexuri Ugartek Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. «Euskarazko ikerkuntza eta hezkuntza ekimenak babestea Gasteiz bezalako hiri batentzat pozgarria da oso. Euskararen hiriburua ere izan nahi dugu. Eta horretarako, Ikergazte bezalako kongresu erreferenteak gurean egiteak garrantzi handia du», nabarmendu du Gurtubaik.
Kepa Sarasola UEUko Zuzendariak azpimarratu du UEUrentzat ere kongresua ezinbestekoa dela: «UEUren helburu garrantzitsuenetako bat betidanik izan da euskal komunitate zientifiko intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda». Ikergazte ikertzaile gazteentzat «erreferentzia» bihurtu dela erran du Sarasolak, eta horren atzean unibertsitate eta erakundeekin «elkarlana» dagoela aldarrikatu du.
Hain zuzen ere, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatzen du kongresua UEUk, eta Inma Arostegi EHUko Ikerketa errektoreordearen esanetan, euskarak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa, eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak behar ditu. Bi erakundeek azken urteetan egindako elkarlana nabarmendu du, eta bere fruituak eman dituela azpimarratu du: «Poliki-poliki baina eten gabe doa gure hizkuntza ikerketan ere bere bidea egiten».
Elkar ezagutzearen garrantzia
COVID-19aren pandemiak bete-betean harrapatu du kongresuaren bigarren aldia. Hala ere, presentzialtasuna mantentzea ezinbertzekoa dela adierazi du Olatz Arbelaitz kongresuaren koordinatzaileak: «Beste helburu batzuen artean ikertzaile gazteek elkar ezagutzea duen kongresua ezin imajina genezakeen urruneko moduan eginda». Aitzineko bi kongresuen moduan, ikerlarien elkar ezagutze horrek elkarlan berriak sortuko dituela nabarmendu du Arbelaitzek.