Duela hamar bat hilabete Malin abiaturiko trantsizio politikoak beste atal bat izan du egunotan. Bah N'daw – hauteskundeak egin arte lehen ministro karguan egon behar zuen– eta Moctar Uane – lehen ministro postua zuen– atxilo eraman zituzten atzo gauean, hiriburutik hamabost kilometrora dagoen base batera, eta Assimi Goita presidenteorde eta koronelak gaur jakinarazi du bi politikariak beren karguetatik kendu dituztela.
Aldaketa behartu horien arrazoiak trantsizio gobernuaren osaketa berria eta botere oreka izan dira. Hilaren 14an, Uanek dimisioa aurkeztu zion N'dawri, baina horrek kargu berera itzularazi zuen, eta gobernu «inklusiboago bat» izendatzeko eskatu zion, politikariek pisu handiagoa izan zezaten.
Hala, gobernuburuak atzo eman zuen lantalde horren berri, eta, iragan abuztuko estatu kolpean parte hartu zuten lau militarrek beren karguetan jarraituko duten arren, bi jeneral kanpoan utzi izanak haserrea eragin du soldaduen juntan; horren harira hartu zituzten atzo atxilo, eta horren harira bota dituzte gaur beren postuetatik.
Junta iazko udatik izan duen eragina eta pisua galtzearen beldur da, herritarren manifestazioen ostean haiek altxatu egin baitziren garai hartako gobernuaren aurka, eta Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa gatibu hartu baitzituzten.
Bahiketa horien ondotik, Keita dimisioa ematera behartu zuten, eta gobernua eta parlamentua desegitera. Orduan, militarrek onartu egin zuten N'dawk estatuburu kargua hartzea, eta Uane —gizarte zibilekoa— lehen ministro bilakatzea, beren influentziari eustearen truke; bai Trantsiziorako Kontseilu Nazionalean, baita gobernuan ere.
Azken bi egunotako erabakiekin, militarrek beren boterea mantentzeko asmoa erakutsi dute, baina horrek ez luke eraginik izango trantsizio prozesuan, Goitak adierazi baitu bere horretan jarraituko dutela datorren urterako aurreikusita dauden hauteskundeek, presidentetzarakoek eta Asanblea Nazionalerakoek.
Presidenteorde eta jenerala, hain justu, kritiko agertu da kargugabetu dituzten bi agintariekin eta gobernu berriaz hartu dituzten erabakiekin, jeneralen ordez gizarte zibileko ordezkariak aukeratu baitituzte: «Horrelako desmartxa batek agerian uzten du trantsizioko presidenteak eta lehen ministroak trantsiziorako gutuna urratzeko asmoa zutela». Egoera hori ikusirik, Goitak azaldu du bere burua «behartuta» ikusi duela «aldaketak» egitera.
Nazioartearen pisua
Hala, oraindik ikusteko dago juntak nazioarteari zin egindakoa beteko duen: gizarte zibilari hemezortzi hilabeteko epean boterea ematea, hiru urtean eman beharrean, tarte horretan nahiago baitzuen.
Egunotarako espero da CEDEAO Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Batasuneko ordezkaritza bat herrialdera iristea, hura arduratzen baita trantsizio prozesua gainbegiratzeaz. Oro har, nazioarteak kezka handiz erreakzionatu du junta militarraren erabakia dela-eta, eta Afrikako Batasunak eta Europako Batasunak, esaterako, atxiloturiko agintariak berehala askatzeko eskatu dute; baita Frantziak ere, Maliren kolonizatzaile izandakoak.
Afrikako herrialde horren egoera ezegonkorra izan ohi da. Batetik, herrialdeko taldeen arteko tentsio etnikoa eta indarkeria ia egiturazkoa da azken hamarkadetan, gobernu zentralak ezintasuna erakutsi baitu jarduera aktiboan dauden dozenaka miliziak armagabetzeko.
Milizia horiek, oro har, irizpide etnikoei erantzuten diete, eta lurren kontrolagatik borrokatzen dira; horrez gain, talde jihadistak, egoeraren arabera, batzuen zein besteen aliatuak izan ohi dira.