55 urtetik beherakoak txertatzeari ere ekin diote Nafarroan

Osakidetzak eta Osasunbideak bideak ezarri dituzte AstraZenecaren bigarren dosiaren zain daudenei erantzuteko

arantxa iraola
2021eko maiatzaren 25a
11:11
Entzun

Nafarroako Osasun Departamentuak beste urrats bat egin du populazioa txertatzeko estrategian, eta hasi da 55 urtetik beherakoak ere txertatzen: 50-54 urte arteko herritarrak. Bitartean, adin tarte altuagoetako herritarren txertaketa pauta osatzen ari da.

AstraZenecaren lehen dosia hartu eta bigarrenaren zain dauden 60 urtetik beherako herritarrei deika ere hasi dira osasun sistemak. Horiei, lehengo astean autonomia erkidegoek eta Espainiako Gobernuak osatzen duten lurralde arteko batzordeak hartu zuen erabakiaren araberako proposamena egingo diete: hain justu, Pfizer txertoa jarriko dietela adieraziko diete, eta horretarako aukera emango diete. Berriz AstraZeneca jartzea nahi badute, baimen informatu bat bete beharko dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik gaur eguerdian egin duen agerraldian zehaztu du horretarako inprimakiak eskura direla Osakidetzaren webgunean. «Dosiak daudenean» dei egingo diete pertsona horiei, eta baimen hori beteta joan beharko dute txertoa jartzera.

Txertaketa prozesua onbidean doala adierazi dute Nafarroako Osasun Departamentuko iturriek, eta jasotako txertoen %99,2 ipini dituztela. Horiek horrela, txertatutakoen ehunekoak gora doaz. 80 urtetik gorako guztiek dute gutxienez dosi bat hartua; 70-79 urte artekoen artean, %98k; 66-69 tartean, %93k; 60-65ean, %89k; eta 55-59 adin tartean, %80k. Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du orotara 16 urtetik gorako herritarren %45ek jaso dutela ja txertoaren dosiren bat, eta %23k bukatu egin dutela prozesua. Osakidetzaren estrategian ere, ehunekoak gero eta osoagoak dira; 50-59 urte artekoen artean %42k hartu dute txertoaren dosiren bat; 60-69 adin tartean %91 dira; 70-79an %96,5; 80 urtetik gorakoen artean, %100. Txertoak jaso ahala jartzen ari direla zehaztu du Gotzone Sagarduik, eta 16 urtetik gorakoen %47k dutela jarria txertoaren dosiren bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.