Euskal presoak

Herritarrak «ibilian» jarri nahi ditu Sarek datozen hilabeteetan

Hasitako bidea «muturreraino» eraman nahi dute, eta «salbuespenezko espetxe politika» behingoz amaitu

Sareko kideak, azo Donostian egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko maiatzaren 24a
15:38
Entzun

Ekitaldi eta mobilizazio egitarau zabala prestatu du Sare Herritarrak datozen hilabeteetarako, presoak etxeratzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko bidean «urratsak egiten» jarraitzeko asmoz. Izan Bidea izeneko dinamika aurkeztu zuen Sarek duela urtebete, horri heldu diote aurreko hilabeteetan, eta orain beste urrats bat egiteko garaia iritsi dela deritzote, «hasitako bidea muturreraino eraman eta salbuespenezko espetxe politika» behingoz amaitzeko.

Ibilian-ibilian, etxerako bidean izango da urrira bitartean garatuko duten kanpainaren leloa, eta «herritarrak ibilian jartzea» izango du helburu. Sarek uste du espetxe politikaren norabidea aldatzeko egindako urrats guztiak «kale aktibazioari esker» gertatu direla eta «herritarren bultzada ezinbestekoa» izan dela. Horregatik, bide horri eusteko asmoa dute datozen hilabeteetarako.

Abuztuaren 2ra arte, eskualdez eskualdeko «ekinbide eta mobilizazio maratoia» egingo du Sarek Gipuzkoan. Bi astez, egitarau zabala prestatuko dute Gipuzkoako eskualde batean, eta epe hori igarota eskualde horrek lekukoa pasatuko dio beste bati, non beste hamabost egunez ekitaldiak eta mobilizazioak egingo dituzten, Gipuzkoako eskualde guztietatik pasatu arte. Bukatutakoan, antzeko dinamikak egingo dituzte Bizkaian, Araban eta Nafarroan: Bizkaian, esaterako, abuztuaren amaieran ekingo diote dinamika horri, eta Nafarroan lau eguneko martxa ibiltaria egingo dute irailaren 29tik aurrera, gauez gelditu gabe.

Horrez gain, urteroko bizikleta martxa egingo dute Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan uztailaren 22tik 24ra, udan manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta kanpaina urriaren 23an amaituko dute, Donostian izango den mobilizazio batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.