Azken unera arte itxaron zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak apirilaren 8an Frantziako Asanblean bozkatu zuten hizkuntza gutxituen legea promulgatzeko. Maniobra horren bidez, haren kontrako helegitea aurkeztu zuten apirilaren 22an Martxan alderdiko 61 diputatuk. Joan den ostiralean eman zuen ebazpena Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta, aldi honetan, askoz ere lasterrago ibili da Frantziako Errepublikako agintaria: Konstituzio Kontseiluak zentsuratutako artikuluak kenduta, igande goizean promulgatu zuen hizkuntza gutxituen legea, eta Frantziako Egunkari Ofizialean agerrarazi dute, Frantziako Asanblean berriz aztertzeko aukerari ateak itxita.
Haserrea eragin zuen, ostiralean, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak: hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen partzialki, 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla erranez. Ondorioz, murgiltze eredua ez da sartuko Frantziako Hezkuntza Kodean, eta ez da posible izanen estatu zibileko dokumentuetan ñ-a eta halako zeinu diakritikoak erabiltzea. Erabakia gaitzetsi eta egoera horrek sortzen duen «segurtasun falta» salatu zuten Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta euskalgintzako eragileek, agerraldi jendetsu batean. Maiatzaren 29an Baionan mobilizatzera deitu zuten. Protesta andana eginen dituzte egun horretan, Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan, Pour Que Vivent Nos Langues (gure hizkuntzak bizi daitezen) kolektiboak deituta.
Ebazpena agertu eta berehala azpimarratu zuten hainbatek bertan idatzitakoak zekarren arriskua, hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela erratean ikastetxe publikoez gain itunpekoak ere aipatzen baititu ebazpenak. «Ondorioz, Seaska, Diwan eta Calandreta, estatuarekin kontratupean izanik, konstituzioaren kontrakoak dira», ondorioztatu zuen Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak. «Estatuak kontratu horiek ezeztatuko ditu? Galdetuko du murgiltzerik ez egitea? Ilegalitatean kontratuak atxikiko ditu? Zer eginen du ministerioak? Sekulako ziurgabetasuna zabaltzen da Seaskarentzat», adierazi zuen.
Blanquerren mehatxua
Gauean bertan, bere intentzioei buruzko argipenak eman zituen Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak, Ouest France Bretainiako egunkariari emaniko elkarrizketa batean. Ikastolen parekoak diren Bretainiako Diwan eskolen irakaskuntza eredua ezbaian dagoen galdetuta, honela erantzun zuen: «Zalantzarik gabe, eboluzioetara eramango du, baina ez du Diwanen existentzia kondenatzen. Bada aukera bat bere garapenaren fase berri batera igarotzeko». Zer den fase berri hori, oraingoz, ez da jakina, baina murgiltze forma zalantzan jartzeko asmo gisa interpretatu du batek baino gehiagok.
Asteburuan, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena salatu du ohar batean Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidenteak, eskualdeko gehiengoaren izenean «beste garai bateko jakobinismoa» deitoratuta. «Azken 50 urteotan, ikasleen belaunaldi andanak jaso du irakaskuntza hori Seaskako ikastoletan eta Calandreta eskoletan, eta azken urteotan, baita [Ipar] Euskal Herriko 20 bat eskola publikotan ere. Modalitate pedagogiko honek ez du zertan frogatu bere onura haurraren garapenerako, ezta bere herritartasuna eraikitzeko ere». Larunbat honetako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
Emmanuel Macronen gobernuaren sostengu den François Bayrou Modem alderdiko buruak ere hitza hartu du asteburuan. Bera izan zen, Frantziako Hezkuntza ministro zela, 1994an ikastolekin eta gisa bereko eskolekin itunak izenpetu zituena. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak sortzen duen «egoera leherkorra deitoratu du. «Haien irakaskuntza eskola publikoaren barruan ez egotea ulertu dezakegu. Baina aukera hau erabiltzea transmisio metodo hau debekatzeko, hori ez dugu onartuko. Milioika frantziarrek ez dute onartuko, sekula; eta ni horien artean izanen naiz».
Konstituzio aldaketa
Erantzun ezberdinak izan zituen, ostiralean, itunpeko eskolentzat sortutako arrisku egoerak. Ipar Euskal Herrian, ebazpenak sortzen duen «segurtasun falta» azpimarratu zuten, baina Frantziako Gobernuaren gainean jarri zuten etorkizunean gertatuko denaren erantzukizuna. Hau da, gobernuari dagokiola erabakitzea zer egin itunpeko eskolen kontratuekin. «Kontseiluak legearen artikulu baten kontra egin du, baina esparru orokorra ez du aldatzen», adierazi zuen Max Brisson Errepublikanoetako senatariak.
Bretainian, bestelako hitzak izan zituen Paul Molac diputatuak, legearen sustatzaileak: Frantziako presidenteari eskatu zion berehalako lege proiektu bat aurkezteko Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko. «Gure hizkuntzen aurkako militantismoak gehiegi iraun du. Konstituzio Kontseiluak bertan behera uzten du eskoletan emaitza akademiko bikainak eman dituen metodo pedagogikoa; ez da metodo pedagogikoa aldatu behar, baizik eta konstituzioa».
Loig Chesnais-Girard Bretainia eskualdeko presidenteak bestelako proposamen bat mahaigaineratu zuen: konstituzioko 10.2 artikulua erabiliz hizkuntza gutxituen aldeko legea Frantziako Asanblean berriz eztabaidagai jarri, eta zentsuratutako artikuluak berridaztea, Konstituzio Kontseiluaren galbahea pasatzeko aukera izan zezaten. Emmanuel Macron Frantziako presidenteari zegokion prozedura hori martxan jartzea, baina, legea promulgatu eta egunkari ofizialean argitaratuta, aukera horri ateak itxi dizkio.
Hemendik aitzina, ikusteko dago zer jarrera hartuko duen Frantziako Gobernuak. Baina, bide bat edo bestea hartu, goiz ala berant argitu beharko du zer esparrutan segitzen ahalko duten hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduaren bidez eskaintzen duten itunpeko eskolek.